Asteazkenean hasiko da Debako Animadeba animazio jaialdia

Asteazkenean hasiko da Debako Animadeba animazio jaialdia Nazioarteko hogeita bi film labur proiektatuko dituzte lehiaketaren barruan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteazkenean-hasiko-da-debako-animadeba-animazio-jaialdia/@@download/image/larger.jpeg
2023/09/04
Nazioarteko hogeita bi film labur proiektatuko dituzte lehiaketaren barruan.
Asteazkenean hasiko da Debako Animadeba animazio jaialdia

Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren XVI. edizioa asteazkenetik larunbatera izango da martxan, Deban. Publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea da Animadeba. Haur eta helduentzako animaziozko film luze eta laburrez gain, aurkezpenak,solasaldiak, tailerrak, ikuskizunak eta musika emanaldiak izango dira egitarauan.

1057 film labur jaso dituzte munduko laurogeita hiru herrialdeetatik eta horietatik hogeita bik hartuko dute parte Sail Nagusian eta Zuzendari Berriak EHU sailean. Animabedako programatzaileek eta Debako hamabost herritarrek egin dute aukeraketa. Sail Nagusiko film laburrak irailaren 8an eta 9an proiektatuko dira, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin. Zuzendari Berriak atalean, berriz, munduko animazio eskola ospetsuenetako ikasleek egindako film laburrak ikusi ahalko dira. Aldez aurretik, atal honen estreinaldia egingo dute bihar, hilak 5, San Telmo museoan. 

Aurtengo epaimahai nagusia hiru kidek osatuko dute: Signe Baumane zine zuzendaria; Ligia Soare, Bucaresteko Animest jaialdiko programatzailea; eta Carmen Cordoba animazio zuzendaria. Honako sari hauek banatuko dituzte: film onenaren saria, gidoi onenaren saria, publikoaren saria, zuzendari berriak UPV- EHU saria eta Kresala zineklubaren K sariak. 

Bestelako ekintzak
Lehiaketatik kanpo, ume naiz helduentzako film luzeak izango dira ikusgai. Animazio industria ezagutaraztea eta bultzatzea helburu duen Work In Progress sailean hogeita lau proiektu aurkeztuko dira animaziozko film labur eta animaziozko serie kategorietan.

Animadeba Lab-en,  animazioari aplikatutako teknologiei buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Aurten aztertuko den gaia Adimen Artifiziala izango da. Bideojoko independente bat egiteko moduari buruzko hitzaldi bat ere izango da. 

Bestalde, egunero, musika emanaldi eta dj-ak izango dira. Irekieran, Peru Galbeteren musika emanaldia izango da, Debako Santa Maria Elizako klaustroan.

Sarrerak eta oihalezko poltsak
Sarrerak www.animadeba.com webgunean eskura daitezke edota Kutxa Zurian zinemaldi egunetan. Ohiko sarreraren prezioa lau eurokoa izango da eta programazio osoaz gozatu nahi dutenentzat bonoak izango dira.

Aurten jaialdiaren oihalezko poltsa edo tote bag-a ere kaleratu dute. Hamar euroan eros daiteke Debako Turismo bulegoan, Debako dendetan eta Animadebako leihatilan.

Filmak etxean ikusi
Zinemaldia bukatu ondorengo hiru asteetan Filmin plataforman ikusi ahal izango dira Sail Nagusiko, eta Zuzendari Berriak eta Panorama ataletako filmak.