Assia Djebar: Gorputzaren eta bozaren artean

Assia Djebar: Gorputzaren eta bozaren artean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Assia Djebar: Gorputzaren eta bozaren artean
Assia Djebar (1936, Cherchell, Aljeria – 2015, Paris, Frantzia) aski ezaguna da frantsesezko letren munduan, eta, batez ere, aljeriar literaturan.


Ikasketak Aljerren hasi ostean, Parisera joan zen, Goi Mailako Arauzko Eskolan sartzeko; bertatik 1956an bota zuten UGEMAk (Ikasle Musulman Aljeriarren Batasun Orokorra) deituriko greba deialdiarekin bat egiteagatik. Garai hartan idatzi zuen La Soif lehen eleberria, eta orduan aukeratu zuen Assia Djebar ezizena Fatma-Zohra Imalayène-k.

Bigarren eleberria argitaratu eta Historia ikasketak egin ostean, Rabateko (Maroko) unibertsitatean aritu zen irakasle lanetan 1962. urtera arte. Hirugarren eleberria aurkeztu zuen orduan Parisen: Les enfants du Nouveau monde. Ordutik, Aljerreko unibertsitatean eman zituen eskolak, historiakoak lehenik eta frantses literaturakoak eta zinemakoak ondoren. AEBetako hainbat unibertsitatetan ere aritu zen irakasten. Poesia, narratiba, antzerkia eta saiakera landu zituen, besteak beste, eta zineman ere aritu zen.

Bi aldiz egin zen Assia Djebar ‘hilezkor’. Lehenik 1999an, Belgikako Frantses Literatura eta Letren Erret Akademian sartzean, eta bigarren, aldiz, 2005ean, Frantses Akademian bosgarren aulkia hartzean. Hainbat hizkuntzatan irakur daitezke bere lanak. Euskaraz Josu Landak itzulitako bost poema irakur ditzakegu, otsailean idazle eta historialariaren heriotzaren karietara armiarma.eus atarian argitaratuak.

Historiarekin loturiko kontakizunak dira Djebarrenak, historia osatzen duten norbanakoekin loturikoak, zehatzago. Aljeriako historia osatzen duten emakumeen bizipenak biltzen ditu eleberri, film eta poemetan. "Gorputzaren eta bozaren artean" esaldiak laburbil dezake bere obra. Gorputzaren berrezagutzea, Aljeriako independentzia gerra... eta gorputz horren boza, zanpaketen salaketa, kolonizazioaren eta patriarkatuaren sarraskiak azaleratzea.

Bibliografia hautatua


La Soif (1957, Julliard).
Les Enfants du Nouveau monde (1962, Julliard).
Poèmes pour l'Algérie heureuse (1969).
Rouge l'aube (1969).
Femmes d’Alger dans leur appartement (1980, Éditions des femmes).
L’Amour, la Fantasia (1985).
Vaste est la prison (1995,  Albin Michel).
Oran, langue morte (1997, Actes Sud).
Ces voix qui m’assiègent (1999, Albin Michel).
La Femme sans sépulture (2002, Albin Michel).
Nulle part dans la maison de mon père (2007, Fayard).
Bost poema (2015, armiarma.eus).