Assata: "Gure abestietan %50 musika da, eta beste %50 letrak dira".

Assata: "Gure abestietan %50 musika da, eta beste %50 letrak dira". Lozorroan dagoen Anger taldeko hiru kidek osatutako taldea da Assata. 20 urtetako ibilbide luzearen ostean, Anger taldearen geldialdia profitaturik jaio da proiektu dantzagarri hau. Erritmo oldarkorrak atzean utzita funk doinu beltzekin datoz oraingoan. Dantzan ere autokritika eta aldarriak egin daitezkeela erakutsi nahi dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/assata-taldea-kontzertuek-ezagutarazten-laguntzen-dute-kontzertu-gehiago-lotzen-kate-bat-da-eta-katea-eten-egin-da/@@download/image/Assata_Dantzatu, madarikatuok! - digipack.png
2020/11/26

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Lozorroan dagoen Anger taldeko hiru kidek osatutako taldea da Assata. 20 urtetako ibilbide luzearen ostean, Anger taldearen geldialdia profitaturik jaio da proiektu dantzagarri hau. Erritmo oldarkorrak atzean utzita funk doinu beltzekin datoz oraingoan. Dantzan ere autokritika eta aldarriak egin daitezkeela erakutsi nahi dute.
Assata: "Gure abestietan %50 musika da, eta beste %50 letrak dira".

Zergatik Assata izena taldeari?
Assata Shakur aktibista estatubatuarrari keinu edo omenaldi txikia da. Ez gatoz gure burua munduko komunitate eta errealitate zapalduenetako baten baitan kokatzera, ez baitagokigu guri leku hori hartzea, Alta, zeharka, Assata Sahkurrek bere baitan irudikatzen dituen borroka, errealitate eta kultura horiei erreferentzia egiten diegu. Ikusgarritasuna emateko batetik, eta bestetik, zenbait lotura edo konexio baditugulako. Assata Shakur, 70. hamarkadan bortizki tortutatua eta atxilotua izan zen, fartsa bat izan zen egin zioten epaiketa eta ordutik kartzelan bizi da. Estatu Batuentzat terrorista izaten jarraitzen du. Bestalde, Assataren esnanahia ere erakargarria egin zitzaigun: “Borrokatzen duena”. 

Nola definituko zeniokete Assata taldea ezagutzen ez duen bati?
Estilo guztiz librean, muka dantzagarri eta beltzaren alderdi ezberdinetara gerturatzeko saiakera egiten duen proposamena da gurea. Bap!! taldearen disko esaguratsuenetako bati erreferentzia eginez, txantxetan, “zuriak beltzez” garela esaten dugu. Hitzei dagokionez, munduarekiko ikuspegi kritikoa jorratzen dugu, gu ere guzti horren zati garela kontuan hartuta, autokritikari lekua eginez. 

“Gure egin beharra da gure askatasunaren alde borrokatzea. Gure egin beharra da irabaztea. Elkar maitatu eta babestu behar dugu. Ez dugu ezer galtzekorik, gure kateak izan ezik”. Zuen diskoaren liburuxkan irakurri daitekeen esaldia da. Uste duzue orain inoiz baino kate gehiago ditugula?
Ez genuke jakingo esaten lehen baino gehiago ditugunik, baina bai uste duguna baino gehiago direla. Informazio eta ezagutza gehiago ditugu, kontsumitu edota entretenitzeko hamaika aukera; baita ordea, horien adinako korapilo, ardura, exijentzia eta kate ere. Askotan ustezko askatasun indibidualaren truke ezartzen zaizkigu. Hori dela eta, konpromiso kolektiboa edo elkar zaintza alferrirakoak direla sinetsi arazi digute. Elkarlana da ordea dauzkagun erronka edo arazo indibidualuei aurre egiteko aukera bakarra. Ez dago askatasun indibidualik, askatasun eta ongizate kolektiborik gabe.

“Dantzatu, madarikatuok!” deitzen da zuen diskoa, zerbait iraultzailean bilakatu al da mugimendua garai ilun hauetan?
Diskoaren izenburuak 60. hamarkadako izen bereko filmari egiten dio erreferentzia. Lan hau sortzeko inspirazioa izan da. Bizi garen jendartea eta sistema dantza maratoi lehiaketa bat bezalakoa da. Musika eta lehiaketaren arauak benetan nork ezartzen dituen ez dakigu oso ondo, baina horren erritmora mugitzen gara. Gehiengo bat ikuskizun krudel horretaz gozatzen gaude edo isiltasun mingarri baten konplize gara: beraien baldintza eta eskubideak etengabe ebatsi edo zapalduak diren, eta etorkizun hobe baten bila egunero bizia jokatzen duten pertsona horien (izan emakume, migratzaile, LGTBI komunitateko kide, langile …) biziraupenari begira. Sarritan gainera, lehiaketako parte ere bagara, batzuetan nahigabe, eta beste batzuetan, nahita, aparteko protagonismoa hartuz. Adibidez, berariaz modu desorekatuan ematen zaigun botere eta espazio publikoaz nahikoa ez, eta oraindik ere gehiago nahi dugun gizon zuri aseezinak. Hala ere dena ez da iluntasuna, eta badago esperantzarako tarterik, ezarritako erritmo, arau eta dantza pausoei aurre egiten dieten pertsona, eta batez ere kolektibo eta mugimenduak badaude.  

Nondik datorkizue estilo dantzagarriekiko zaletasuna?
Ez garela dantzaririk onenak aitortu beharra daukagu, baina bai oso musikazaleak. Denetik entzuten dugu eta abaniko zabal horretan estilo dantzagarriak ere badaude. 80. hamarkadakoak gara taldeko bostok, eta garai hartan, eta baita 90. hamarkadan ere, dantzarako proposamen interesgarri asko zeuden. Guzti horretatik, zeharka edo zuzenean asko edan dugu. Bestalde, taldekideetako batzuk 20 urtetan zehar distortsio eta erritmo oldarkorren bueltan aritu gara Anger taldearekin, eta proiektu honekin, beste giro eta erritmo batzuetan murgiltzeko gogoa geneukan.  Egia da zeharka edo modu ez oso agerikoan Anger-en ibilbide osoan zehar rap, disco eta funky-ak lekua izan dutela abesti ezberdinetan, baina Assatarekin beste koordenada batzuetan dantza egin nahi dugu.

Zer eskaintzen dio diskoak entzuleari?
Gorputzak eta kontzientziak erritmo dantzagarriekin astintzeko gonbidapena da “Dantzatu, madarikatuok!”. Estilo aldetik nahiko ezberdinak diren 7 abestik osatzen dute lana, eta munduaren eta sistemaren ikuspegi kritikoak batzen dituen beste hainbeste gai ditu hizpide. Esan bezala, dantzarako proposamena da, baina dantza ulertzeko modu ezberdinei guztiz irekita.

Disko fisikoaren itxura izugarri zaindua da, detaileen garrantzia emanez, zuentzat musika zerbait ukigarria ere ba al da?
Diskoen aurkezpenari eta hauen diseinuari, musikari eta letrei besteko garrantzia ematen diegu. Abestiekin kontatu nahi duguna alor estetikoan ere lantzen dugu, eta horretarako Lubaki Grafik-eko Unai Bergara dugu bidelagun. Aspaldiko laguna da, proiektu ezberdinetan elkarlanean aritu izan gara, eta transmititu nahi duguna modu ezin hobean islatzen du diseinu, material eta irudi ezberdinekin. Egia da gaur egun euskarri digitalak nabarmen gailentzen ari direla, eta alde estetikoan formatu fisikoak eta ukigarritasunak, garrantzia galdu dutela. Baina gure kasuan, musika, hitzak eta alde estetikoa eskutik doaz, eta ahalik eta emaitzarik borobilena lortzen saiatu gara osotasun horrekin gure ikuspegia transmititzeko. 

Zenbaterainoko garrantzia du irudiak musikan?
Irudia modu batera edo bestera oso presente egon da hamarkada luzeetan musikagintzan: taldearen estetika eta janzkera, disko fisikoen diseinua, bideoklipak, zuzenekoetako performance-a… Baina gaur egun gizarte bezala beste dimentsio batean gaude. Oso likidoa da gure bizimodua, azkartasuna eta iragankortasuna dira nagusi, eta norabide horretan irudia da gorena. Ikus-entzunezkoak (bideoklipak, sare sozialetako irudi eta argazkiak ,…) abestiak bezain garrantzitsuak (edo garrantzitsuagoak) dira musikagintzan, eta musika kontsumitzeko modua zeharo aldatu dela dirudi.

Single eta EP-n garaian diskoak argitaratzea korrontearen aurka joatea al da?
Gure bizimodu likidoa, orokorrean, ez dator oso bat disko luze eta sakonak entzutearekin. Badirudi ez daukagula denborarik  60 minutuko lan bat hasieratik bukaerara entzuteko. Streaming-a gainera kontsumo azkar horretarako tresna ezin hobea da. Pribilegiodunen munduaren alde honetan, sarerako konexioa daukan edozein gailurekin, edozein lekutatik milaka abesti entzuteko aukera daukagu. Artista ezberdinen askotariko playlistak dauzkagu, gustuen arabera neurrira eginak, eta testuinguru horretan single-ak nagusitzen dira. Hala ere, disko luzeak argitaratzen dituzten sona handiko talde eta artistak badaude. Ziurrenik horiei arreta eskaintzeko prest bagaudelako. Irisgarritasun txikiago duten artistek single-en enkantean dauzkate aukerak, eta beharbada disko luzeek suposatzen duten lan eta inbertsioak ez du gaur egungo kontsumo eta arrakastaren testuinguruan mereziko.

Letrak ere landuak dira, zenbaterainoko garrantzia dute?
Gure abestietan %50 musika da, eta beste %50 letrak dira. Sormena sentsazioak, ideiak edo ikuspegiak transmititzeko tresna bezala ikusten dugu, eta musikaren kasuan hitzek berebiziko garrantzia daukate. Hitzen trataera ezberdineko proposamen musikalak daude, guztiak errespetagarriak. Guk, gure xumetasunetik, sistema eta gizartea ikuspegi kritikotik kontatzeko aukera bezala ikusten dugu, eta horretarako baliatzen dugu. 

Euskara hutsean gainera, zuen lehengo hautua izan al zen?
Planteatu ere ez genuen egin. Taldekideon arteko harremanean euskara da nagusi, aurreko proiektuen hizkuntza ere euskara izan da. Euskal Herrian, oraindik normalizatua ez dagoen testuinguru globalizatu honetan gainera, euskaraz kantatzea, eraldatzailea da.

Zein dira zuen erreferenteak?
Erreferente argi-argirik ez daukagu,  baina askotariko eraginetatik edaten dugula esan dezakegu: disco, funk eta souletik (Aretha Franklin, Stevie Wonder, Prince, Earth, Wind and Fire, Chromeo…), 80. hamarkadako pop eta new wave musikatik (New Order, Depeche Mode, Blondie…), rap eta elektronika joera ezberdinetatik (Justice, Kendrick Lamar, Bjork, De la soul, …) edota betiko rock, punk eta hardcore-etik (The Clash, Fugazi, …). Hitzei dagokienez, liburuxkan sartu ditugun testu eta aipuen egileak dira erreferentzietako batzuk, sortzaile ezberdinak, pentsalariak, ekintzaile politiko eta sozialak, …

Zer moduz daramazue osasun krisiaren egoera? Nola eragin dio taldeari?
Herritar bezala garai konplikatu eta nahasia da bizitzen ari gara, baina taldekideok oro har pribilegiatuak sentitzen gara osasun eta lanari dagokionez, ikusitakoak ikusita, egoera onean gaudelako. Familia ugari eta osasungintza edota hezkuntzako profesionalak bizitzen ari direna askoz gogorragoa da.

Taldearen jarduerari dagokionez, 2019ko abenduan atera genuen diskoa, otsailean aurkezpen birarekin hasi ginen, lehenengo kontzertua eskainiz, baina hortik aurrerako guztiak bertan behera gelditu zaigu beste askori bezala. Martxoa amaieran gainera, bideoklipa grabatzekoak ginen, eta hau ekainera atzeratu behar izan genuen. Konfinamendua amaitzerakoan, grabatu eta uztailean argitaratu ahal izan genuen “Egologista” abestia. Kontu positiboei erreparatuta, elkartu eta entseatzeko aukerarik ez zegoen arren, konfinamendu garaian astean behin digitalki elkartu eta poliki-poliki abesti berrietarako ideiak lantzen aritu ginen, eta orain 8 abesti berri dauzkagu. Taldearen dinamika eta sortzeko gogoa mantentzeko baliagarria izan da, eta ez da gutxi egoera kontuan hartuta.

Testuingurua ez da erraza, frustrazioa sortzen du disko berri bat zuzenean ezin aurkezteak. Baina musikagintzaren bueltan ere badaude egoera zailagoak bizitzen ari direnak eta ezin dugu beste aldera begiratu: musikari profesionalak, teknikariak, ekoizpen eta management enpresak, … Errealitate hori ez zaigu arrotza egiten, horien artean baitaude Bidean Produkzioakeko gure bidelagunak. 

Osasun krisi honekin, ez da erraza zuzenekoak lotzea,  zein da zuen egoera?
Ez da bat ere erraza, ez. Musikaren bueltan urte ugari daramatzagun arren, Assata talde berria da, eta gure proposamena ez da ezaguna. Kontzertuek ezagutarazten laguntzen dute, kontzertu gehiago lotzen, kate bat da; eta katea eten egin da. Horrez gain, ezarrita dauden baldintza eta neurriekin formatu eta estilo jakin batzuetako proposamenak programatzeko aukera gehiago eskaintzen dituzte, asko ez diren arren. Azken asteotan proposamenen bat edo beste heldu zaigu, baina egoeraren eboluzioaren araberakoa izango da kontzertua eskaintzeko aukera.

Kulturak frogatu du segurua dela. Zergatik uste duzue ez dela hainbeste babesten edo baloratzen?
Kulturaren babes edo balorazio falta urrutitik dator. Muturreko testuinguru honetan azaleratu da kulturaren errealitatea, baina gutxietsitako, eta ondorioz, prekarizatutako sektore bat da. Taldean garbi daukagu osasun krisi honetan lehentasunak beste batzuk direla, eta lehentasun horiek ezinbestekoak direla herritarren ongizaterako. Baina horrek ez du kentzen kulturak herritarrei eta oro har ,gizarteari egiten dion ekarpena, orokorrean eta baita bizi dugun egoeran ere. Baina sistemarentzat eta boterearentzat, kultura ez da segurua, ez. Beraien estatusa zalantzan jarri eta jendea batzeko ahalmena duelako, mehatxu bat da, lehen, orain eta beti.

Talde bezala zein helburu finkatu dituzue etorkizunera begira?
Ba lehenik eta behin, “Dantzatu, madarikatuok!” diskoa zuzenean aurkezteko aukerak sortu eta ahal den neurrian aprobetxatzea. Badakigu zaila izango dela, baina oraindik badugu itxaropena kontzerturen bat edo beste eskaintzeko. Bigarren bideoklip bat ekoizteko ideia ere buruan darabilgu, eta egoera hobetu ahala hau grabatzen saiatuko gara. Azkenik, konfinamenduan zehar landutako abestiak eta eskuartean dauzkagun beste ideia batzuei presarik gabe forma ematen jarraituko dugu, aurrerago bigarren lan bat grabatzeko asmoarekin.