Askabide elkarteak jasoko du aurtengo Emakunde saria

Askabide elkarteak 35 urte eman ditu Bizkaian prostituzioan dauden emakumeei babesa eskaintzen, eta egindako lana saritzea erabaki du Emakundek aurtengo sariketan. Epaimahaiak nabarmendu du Askabidek prostituzioan ari diren emakumeentzako topaleku bilakatu dela, eta prostitutek jasaten dituzten "indarkeria adierazpenei urgentziazko erantzuna» ematen diela, emakumeen eta nesken salerosketaren arloan lan esanguratsua eginez.
Elkarteak helburu bikoitzarekin egiten du lan; alde batetik, prostituzioaren gaiaren ikusgaitasuna sustatzen dute, gizartea sentsibilizatzeko, eta, bestetik, prostituzioan diharduten emakumeekin egiten dute lan, bai indarkeria prebenitzeko zein emakumeen ahalduntzea eta trebakuntza bultzatzeko. Horren adierazle da Mari Makeda, andreen laneratzea sustatzeko proiektua; Senegalgo oihalekin eginiko arropa diseinatu eta salgai ipini dute Bilbon. 14.400 euroko saria emango dio Emakundek Askabideri, halako proiektuekin aurrera jarraitzeko.