Asimov: Aparteko jakinduria

Asimov: Aparteko jakinduria https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Isaac Asimov 1920an jaio zen Errusian, baina hiru urte besterik ez zituela, AEBetara heldu zen gurasoekin. Mutiko bixi hura New York hirian hazi eta hezi zen, Brooklynen. Bere aitak dendatxo bat zuen, eta hain zuzen, aitak dendan saldu ohi zituen "pulp" argitalpen xumeen eraginez, zientzia fikzioaren munduaz maitemintzen hasi zen. Urteak igarota, mutiko ipurterre hura filosofia doktore izan zen Columbiako unibertsitatean, eta baita biokimika irakasle ere.
Idazle gisa, Isaac Asimov-en lana klasifikatzea hagitz zaila da. Teknika, zientzia, biologia, filosofia, astronomia, eta historiari buruz hamaika artikulu eta liburu argitaratu zituen. Horietan guztietan, argi erakutsi zuen erabat gizon jantzia zela, apartekoa. Hala ere, zientzia fikziozko literaturari eginiko ekarpenagatik da bereziki ospetsu.
Robotak eta gizakiak
1950ean, "I robot" obra giltzarria idatzi zuen Asimov-ek: liburu hartan, errobotikaren arau nagusiak formulatu zituen. Iaz, Alex Proyas zuzendariak eta Will Smitk aktoreak zinemara eraman zuten duela mende erdi sortutako istorio hura. Asimoven liburutik Proyas-en filmera salto handi samarra dago, dena den.
Kontakizun harrigarri hark hasiera eman zion Asimoven "Fundazioa"ri. Ipuin motz eta harrigarrietan dastatzen da, inon baino hobe, gizon jakintsu haren abilezia. Kontakizun laburretan, oskola harrigarri batez babesten zuen bere unibertso liluragarria. Horrez gain, azpimarratzekoak dira "The caves of steel", "The naked sun", "The robots of dawn" eta "Robots and empire" nobelak.
Humanismoa eta baikortasuna
Asimov-en ipuin eta eleberrietan, zenbait gai etengabe errepikatzen dira. Batetik, idazleak berak sortutako mitologia txundigarria azpimarratu behar da. Bestetik, mitologia horren barruan, pertsonaiak nor baino nor aritzen dira beti: gizakiak bezain azkarrak diren robotak, robotei iskin egiten saiatzen diren gizabanakoak… Gisa horretara, irakurleak bere kasa ulertu eta interpreta dezakeen lur sail libreren bat dago beti. Galderek ere ez dute beti erantzuna izaten, baina itaunak ihardespenik gabe utzi arren, idazleak baikortasuna transmititzen du beti. Bizipoza.
Azken batean, Asimov humanista handia zen. Horrexegatik, berak maisuki irudikatu zuen zientzia fikziozko etorkizun horretan, gizakiaren inertziak, ohiturak eta grinak bere horretan azaltzen dira. 1992an hil zen Isaac Asimov.