Asier Sanzek saria irabazi du Trump txuleta batekin irudikatzeagatik
Asier Sanz karikaturagile bilbotarrak Karikatura Pertsonalen saileko lehen saria irabazi du Parman (Italia) egiten den World Humor Awards txapelketaren seigarren edizioan, txuleta batekin egindako Donald Trumpen collage-karikaturagatik. Saria hilabete bukaeran jasoko du Bardi jauregian. Mundu osoko karikaturagileak gonbidatzen dituzte Salsomaggiore hirian egiten den topaketa honetara, eta aurten 75 herrialdetatik iritsitako 250 artistak hartu dute parte.
Sanzek adierazi duenez, Trumpen aurpegia txuleta batean egin zitekeela irudikatu zuen eta sei hilabetez ibili zen harategi eta supermerkatuetan bila, azkenean forma egokia zuen txuleta aurkitu zuen arte. Orduan, profila irudikatu zuen, labana batez.
Aurretik ere irudikatu izan du Estatu Batuetako presidente ohia bere lanetan; 2018an, Trumpen collage bat egin zuen mortadela, banana bat, txorizoa eta paper zurruna erabiliz, Tapas aldizkarian argitaratzeko. Irudi horrek oihartzun handia izan zuen sare sozialetan, eta "Fake Views? The Donald Trump Book covers" liburuaren azalerako aukeratu zuen Ben Arogundade britainiar idazleak.

Politiko gehiagoren karikaturak ere egin ditu, hala nola, Angela Merkel eta Boris Johnssonenak.

Orain arteko lanak bere webgunean edota Instagram kontuan daude ikusgai.

