Asier Gogortzaren 'Autopsiak' argazki erakusketa Iruñean

Asier Gogortzaren 'Autopsiak' argazki erakusketa Iruñean Jendez hustu diren tokiak ageri dira argazkietan, "heriotzaren kausei buruzko arrastoa, mundu zaharraren gordailu". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asier-gogortzaren-autopsiak-argazki-erakusketa-irunean/@@download/image/autosia moztua.jpg
2022/01/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Jendez hustu diren tokiak ageri dira argazkietan, "heriotzaren kausei buruzko arrastoa, mundu zaharraren gordailu".
Asier Gogortzaren 'Autopsiak' argazki erakusketa Iruñean

Asier Gogortza artistaren Autopsiak argazki erakusketa hartuko du Kondestable Civivoxak otsailaren 2ra arte. Garaikide Zikloaren barruko ekintza da hau, eta sarrera librekoa. Erakusketa 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. 

Grekera zaharretik heldu da 'autopsia' hitza. Euskarazko itzulpen zuzena “norberak ikustea” omen da, “αὐτός” (autos, norbera) eta “ὄψις” (opsis, ikustea). Hildakoaren gorpua behatu, hila dagoela egiaztatu eta heriotzaren kausak aztertzea dira autopsiaren xede nagusiak. Forenseen lan-metodoa paisaiari aplikatu zaio erakusketa hau osatzen duten bost argazki-sorta desberdinak egiteko orduan: "Jendez hustu diren herriak, Berako bordak, Portugalgo tren geltokiak… denbora batean bizi-bizirik zeuden paisaiak hil hurren edo erabat hilik ailegatu dira gure garaietaraino".

Erakusketaren ingurukoak honela laburbildu dituzte: "Argazkilaria forense begiekin hurbildu da paisaia hoietara, bertara joan, bere begiz ikusi, benetan hilik ote dauden egiaztatu eta heriotzaren kausei buruzko zantzuak bildu. Mundu zaharretik gordetzen ahal zena gordetzeko helburua du argazki-ekintza honek, baina gorde aditzaren bi zentzuetan: batetik hondakinak dokumentatu eta katalogatu, eta bertzetik bistatik kendu, estali edo gorde. Izan ere, autopsia egin ondoren maindire xuriz estaliak izan dira hildako paisaiak, hondakinak denen bistan utzi beharrean haien duintasuna babestu nahian".

"Bertze garai bateko paisaiei zor diegun begirunez agurra egiteko ariketa" proposatzen du erakusketak, "beti gibelera begira ibili beharrean behingoan aitzinera begiratu ahal izateko, horrela bakarrik ikusten ahalko ditugulako sortzen ari diren mundu eta paisaia berriak".

Asier Gogortzak (Bera, 1976) kazetaritza ikasketak egin zituen, baina argazkilaritza izan du bizibide azken hogei urteetan. 2000. urtetik aurrera arte proiektu kolektiboen sorkuntzan parte hartu du, hala nola Ertz jaialdia Beran, edo Mamori Art Lab proiektua Brasilgo Amazonian. Paisaia eta arkitektura izan ohi dira bere argazki proiektuetako lehengai nagusiak. Azken urteetan egindako argazki lanak bere web-orrialdean ikus daitezke.