Asier Altunaren 'Bertsolari' film dokumentala emango dute Urepelen

Asier Altuna zinemagilearen Bertsolari (2011) film dokumentala proiektatuko dute gaur, hilak 16, Urepeleko Amerikanoinea interpretazio zentroan. Dokumentalak bertsolaritzaren munduan murgilduko ditu ikus-entzuleak, modu poetikoan eta irudi ikusgarrien bidez.
Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amurizaren jardunari erreparatzen dio dokumentalak, bertsolaritzaren eta bat-batekotasunaren ekosistema azaltzeko. Ahozko tradizioren bilakaera aztertzen du lanak, garaietara egokitzearen beharra eta belaunaldi gazteekin konektatu izana.
Dokumentala Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zen 2011n, eta Euskal Herriko, Madrilgo eta Bartzelonako zinema-aretoetan estreinatu zen gero. Harrera ona izan zuen publikoaren aldetik, hamasei mila pertsona baino gehiago bildu baitzituen pantaila handiaren aurrean. Mundu osoko hainbat jaialditan ere parte hartu du filmak.
Emanaldia 19:30ean izango da, eta 90 minutuko iraupena du filmak. Jatorrizko hizkuntzan, euskaraz, emango dute, frantsezko azpitituluekin. Sarrera doakoa izango da.