ASIAKO LABIRINTOAK: MOWGLI ETA BANBUZKO BIZIKLETA

ASIAKO LABIRINTOAK: MOWGLI ETA BANBUZKO BIZIKLETA Mowglik bi pasio ditu: mundua eta bizikletak. Dagoeneko bi urte egin ditu munduko errepideetan; 32.000 kilometro orain daukan banbuzko bizikletan: ia Txina osoa, Estatu Batuak, Kanada… Beste hiru geratzen zaizkio munduaren bira egiteko. Ipar Amerikatik Argentinarako bidean da eta sei hilabete barru iristea espero du. Hurrengo urtean Afrika egingo du, amaitu ondoren Europa, eta, azkenik, Europatik Txinara itzuliko da, bakarrik, bere bizikletan. Guztira 100.000 kilometro egingo ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asiako-labirintoak-mowgli-eta-banbuzko-bizikleta/@@download/image/ASIAKO LABIRINTOAK_Mowgli 5.jpg
2022/12/28
erreportajea

Testua: Olatz Urkia @OlatzUrkia

Mowglik bi pasio ditu: mundua eta bizikletak. Dagoeneko bi urte egin ditu munduko errepideetan; 32.000 kilometro orain daukan banbuzko bizikletan: ia Txina osoa, Estatu Batuak, Kanada… Beste hiru geratzen zaizkio munduaren bira egiteko. Ipar Amerikatik Argentinarako bidean da eta sei hilabete barru iristea espero du. Hurrengo urtean Afrika egingo du, amaitu ondoren Europa, eta, azkenik, Europatik Txinara itzuliko da, bakarrik, bere bizikletan. Guztira 100.000 kilometro egingo ditu.
ASIAKO LABIRINTOAK: MOWGLI ETA BANBUZKO BIZIKLETA

Mowgli
Txinaren hegoaldeko Guangxi eskualdean, landa eremuan, jaio zen Mowgli 1992an. Bere familia oso txiroa izanik, haurtzaroan ez zuen jateko nahikoa ere. “Txikia eta ahula nintzenez, bullynga egiten zidaten eskolan. Ez neukan kirolik egiteko ez jolasteko energiarik, etxean ikasten aritzen nintzen beti”. Lagundu nahi izan zion familia dirudun bati esker, bigarren hezkuntza amaitu eta unibertsitatea hasi zuen. Orduan hasi zen eraldaketa: “Unibertsitatea hastean lortu nuen nire lehen bizikleta, eta erabaki nuen ez nuela horrela, nire buruarekiko pena sentituz, gehiago bizi nahi. Egunero korrika egiten hasi nintzen. Ordutik orain arte, egunero egin dut kirola eta horrela lortu dut munduaren bira bizikletaz egin ahal izateko indarra”.
Bere benetako izena Luoming Ning da baina atzerritarrentzat zaila izaten da izen txinatarrak ahoskatzea. Ikasketak burutu ondoren Malasiako oihanetan ibilaldi bat egiten ari zela, Australiako lagunek behin eta berriz esaten zioten ezizen bat behar zuela, bere izena egunero galdetu eta berriz ahaztu egiten zuten eta. Lagun batek goitik behera begiratu eta: "txikia, argala baina gihartsua, hego ekialde Asiako aurpegi iluna, ile luzea…" Oihaneko Liburuko Mowgli ikusi zuen bat-batean.
– Aizu! Ez duzue uste Mowgli bezalakoxea dela? Ezagutzen duzu istorioa?
– Ez.
Istorioa kontatu eta izugarri gustatu zitzaion.
– Zer deritzozu Mowgli esaten badizugu?
– Primeran.
Eta ordutik atzerrian Mowgli eta txinatarrentzat “XiaoHuo” (Tximu Txiki) da bere izena.

Bizikleta
Unibertsitatea amaitu ondoren, bizikletak konpontzeko tailer batean hasi zen lan egiten eta bizikleten zatitxo bakoitzaz ikas daitekeen guztia ikasi zuen. Kasualitatez ezagutu zituen bi atzerritarrek profesionala zela ikusi eta banbuzko bizikletak sortzeko proiektuan laguntza eskatu zioten. Horrela sartu zen banbua bere bizitzan, eta orain arte bere bizikleta guztiak Txinan aski dagoen material hau erabiltzen egin ditu. Urte batzuk proiektu horretan sartuta egin eta gero, tailerra txiki geratu zitzaion eta Mowglik berak sortutako banbuzko bizikletan munduaren bira egitea erabaki zuen azkenean.
“Bizikleta honekin dagoeneko 20.000 kilometro baino gehiago egin ditut; kuriositate handia ematen dit zenbat iraungo duen ikusteak. Urteetan eraiki ditudan guztietan akats pila bat egin eta horrela ikasi dut bizikleta iraunkorrak eraikitzen. Hau bereziki nire gorputzarentzat egokitua da, zati bakoitza bere lekuan dago eta sendoa da oso”.
Sare sozialetan noizean behin jartzen dituen bideoetan Mowgli kameraren aurrean hitz egiten agertzen den bakoitzean atzean beti dago bere bizikleta: marroi argi eta berde kolorekoa, kuadroaren zatitxo guztiak banbuzkoak dira; gurpilak, eserlekua, eskulekua, beste bizikleta desberdinen zatiak; kantinplora erdian, bere koadernoak aurrean ondo lotuta, bide-zorro horiak gurpilen bi aldeetan, Go-Pro txikitxoa eskulekuan lotuta.
Ordu luzeetan bizikleta da bere konpainia bakarra, ordu asko egiten ditu errepide hutsetan, beste pertsona bakar bat ere ikusi gabe. Ordu luze horietan asko pentsatzeko aukera duela dio, Beijing eta Shanghai hiri azkarretan bizi zenean egin ezin zuen zerbait: “Bakarrik egotea beharrezkoa da sakonki pentsatzeko, eta horrela zure bizitza beste era batean ulertzera iristen zara, beldurra ematen duten erabakiak hartzen dituzu. Barne-barnean indartsuago eta zoriontsuago egotea lortu dut”.

Mundua
Azken hiru urteetako errutina: goizean esnatu eta gosaria prestatu; gehienetan ogia, ahuakatea (proteina asko duelako) eta haragi gazi lehortua. Kanpin denda jaso eta bidea hasi. Bazkaltzeko bidean aurkitzen duen edozer jaten du; Ameriketan, askotan, pizza edo gasolindegietan erosten dituen berehalako noodleak izaten dira. Gauean denbora gehiago hartu eta janaria prestatzen du; gehienetan errezeta txinatarrak, edo alga hostoa eta arraina lortzeko aukera badu, sushi rolak ere egiten ditu egun berezietan. Lo gehienetan bidean egiten du, bere kanpin dendan.
Ez du mugikorra asko begiratzen. Gaua pasatzeko lekuen bila, arropa eskuz garbitzen, kanpin denda eraikitzen… denbora asko joaten da, eta bizikletan 80 bat kilometro egiten ditu egunean. Ilundu baino lehen atsedena hartzen ari denean, batzuetan paisaia politak marrazten ditu bere koadernotxoan. Ikusi dituen paisaia politenak biltzen dituzten marrazkiak egin eta postal bezala salduz bidaiatzen jarraitu ahal izateko dirua irabaztea da bere ametsa; horrela erabat independentea izango da. Hori da nahi duen bizitza estiloa.
Bakarrik egon arren, beste pertsonengandik gertuago sentitzen da. Mowglik dio bidean aurkitu dituenak atseginak direla. Agian badaki pertsonen alde onena ateratzen nolabait: herrixketan lasai daudela, bat-batean, azala ilundua duen txinatar bat ikusten dute iristen, bizikletan; oso irribarretsua da; egun osoan pertsona bakar bat ere ez duela ikusi esaten die, eta bizikletatik jaistean ikusten dituzte bere hanka gihartsuak, eta zainak handituta batzuetan; orduan, beren buruari galdegiten diote nondik etorri den, zenbat denbora egin duen bizikletan; gehiago jakiteko gogoa pizten zaie.
“Denetarik eman didate bidean: ura, janaria, afari bat, bidaiarekin aurrera jarraitzeko dirua… behin baino gehiagotan pistola bat ere eman nahi izan didate, baina ez dut onartu. Batzuetan beren etxeetara eraman naute dutxa bero bat hartu eta atseden hartu ahal izateko”.
“Lagunak mundu osoan sakabanatuta dauzkadanez, ia hiri bakoitzean daukat bisitatzeko norbait. Elkarrekin egiten ditugu egun bat edo bi. Oso aukera ona da, ahal dudan guztiei egiten diet bisita, zeren ez dugu ahaztu behar herrialde desberdinetan ditugun lagunak, banatzen garenean, agian ez ditugula inoiz berriz ikusiko”.