Asia Argento: Gialloaren alaba erakargarriena

Asia Argento: Gialloaren alaba erakargarriena https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Asia Argento: Gialloaren alaba erakargarriena
Asia Aria Maria Vittoria Rossa Argento. Edo besterik gabe, berehala uler dezazuen, Asia Argento. Kamera sorgintzeko gai den  aktore hau 1975eko irailaren 25ean jaio zen Erroman, eta ezbairik gabe, “nolako enborra, halako ezpala” esaera zaharraren frogarik onena da.
Txikitatik, Asia zinema kamerez inguratuta bizi da, bere aita, Dario Argento, beldurrezko zinema genero sadikoenaren, giallo italiarraren, zuzendari handienekoa baita. Bere ama Daria Nicolodi aktorea da. Asiak gurasoengandik edan du: aitari zor dio iluntasunarekiko zaletasuna, eta amari, aldiz, ikusleak bere begiradaz gatibatzeko ahalmen harrigarria.
Hamalau urte zituela Asiak etxetik alde egin zuen, baina ordurako, zinema munduan lehen pausoak emana zegoen. Izan ere, bederatzi urte besterik ez zituela, Sergio Citti zuzendariaren “Sogni e bisogni” filmean lan egin zuen. 1993an, aitaren aginduetara aritu zen “Trauma” film gogorrean, bere gurasoen hiltzailearen bila dabilen neska anorexiko baten papera jokatuaz. Arazo psikikoak dituen neska baten larruan sartu zen urtebete beranduago, “Perdiamoci di vista!” (Carlo Verdone) filmean. Aktore onenaren David di Donatello saria irabazi zuen antzezpen arriskutsu horrengatik.
Baina Asiak bere bidea egin nahi izan du beti. Nolabait esatearren, bere tatuajeak azaleratu nahi izan ditu nonahi –guztira, lau ditu gorputzean- eta bere nortasuna erakutsi. Horrexegatik, 1994an kamera atzean jarri zen “DeGenerazione” film laburra egiteko, eta 2000 urtean,“Scarlet Diva” izeneko lehen film luzea zuzendu zuen bideo kamera digitalaz baliatuta.
Ondoren, musika taldeen bideoklipak grabatu zituen, literaturarekin batera, rocka baita Asiaren zaletasunik handiena. Hain zuzen, Bluevertigo izeneko rock talde italiarreko musikari batekin izandako harremanetik jaio zen Anna Lou, lau urtetxoak bete berri dituen Asiaren alaba. Eskerrak ez zuela halakorik egin Marilyn Manson bere lagunminarekin… beharrik!
Hilabete honetan, beldurrezko zinemara itzuliko zaigu Asia Argento. George A. Romero zuzendariaren “Lan of the dead” filmean, zonbiekin borrokatu beharko du gialloaren  alaba erakargarrienak. Dena den, ez dira hor amaitzen bere proiektuak: Sofia Coppolaren aginduetara ariko da “Marie-Antoinette” filmean, eta Catherine Breillat zuzendariak paper garrantzitsua eskaini dio “Une vieille maltresse” interesgarrian. Hori gutxi balitz, “The heart is deceitful above all things” izeneko bigarren film luzea zuzentzekotan da.