Asgarth: "Disko hau ez da hain heavya"

Asgarth: "Disko hau ez da hain heavya" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asgarth-quotdisko-hau-ez-da-hain-heavyaquot/@@download/image/59p10-1_1366192289.jpg
2006/01/06
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Asgarth: "Disko hau ez da hain heavya"
 Duela hilabete inguru plazaratu da Asgarth berrituen azken diskoa. Añorgako harrobitik bateria-jole berria atera dute, eta berritutako taldearekin, diskoa konposatzen eman zuten joan den urtea. "…garrasia" izeneko diskoa da lan horren emaitza, Asgarth-ek inoiz kaleratutako disko rockeroena. Atzean gelditu dira hitz epikoak eta metal alemaniarra.

Disko hau askoz rockeroagoa da, ezta?
Primerakoa da hori. Talde batean norbait berria sartzen denean, barneratze prozesu bat gertatzen da: bai taldekide berria taldean moldatzeko, baita alderantziz ere. Gure kasuan,  prozesu hau azkar gainditu genuen, Utikan taldetik etorritako Unai bateria-jolea ederki ezagutzen genuelako. Urtebete inguru eman dugu disko hau konposatzen, eta kimika ona sumatu dugu gure artean. Unairen sarrerarekin erritmo berriak jorratu ditugu, eta gitarren riff-ak aberatsago gelditu dira. Nahasketa polita gelditu da, gure betiko heavya hard rock-arekin nahastu dugunean.

Gor diskoetxearekin kontratua izan arren, azkenean zuen kasa atera zenuten diskoa. Zer gertatu zen?

Bai, beste disko baterako kontratua genuen, baina gauzak horrela atera dira. Disko berria prestatzen hasi ginenean, Gor-ekin harremanetan jarri ginen, eta bilera askoren ondoren, ez ginen ados jarri. Diskoetxeekin zure diskoez hitz egiten hasten zarenean, musika negozio bilakatzen da, eta denon ideiak eta helburuak bat ez datozenean, hobe da bakoitzak bere bidetik jarraitzea.

Gustura gelditu al zarete diskoarekin?

Bai, oso gustura. Soinuan gauza berriak probatu ditugu, eta emaitzarekin pozik gaude. Adibidez, beste disko guztietan ez bezala, bateria soinu naturalarekin grabatu dugu. Emaitza ez da hain heavya, baina nahi genuena lortu dugu. Gitarrak grabatzerakoan ere, soinu mota asko bilatu eta nahastu ditugu, bai soinu garbietan baita distortsionatuetan ere. Rock eta hard rock ukitua eman nahi izan diogu gure heavy estiloari.

Zuzenekoetan, zein kantu errepertorio jotzen ari zarete gaur egun?

Gure disko guztietako abestiak aukeratzen  ahalegindu gara. Disko berri honetako kantu asko jotzen ditugu, eta "III" diskotik ere ugari. Aurreko diskoetatik kantu berezienak hartu ditugu: guk gehien maite ditugunak, jendeak eskatutakoak…

Zer moduz portatu da "…garrasia" Durangoko azokan?

Nahiko ondo. Diskoen salmenta asko jaitsi da azken urteotan, eta Durangoko azokan ere hala da, gure kasuan behintzat. Dena den, "…garrasia" hau nahiko entzun da jendearen artean, eta pozik gelditu gara. Bai, ondo portatu da...