Asgarth, piztiaren atsedena

Asgarth, piztiaren atsedena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asgarth--piztiaren-atsedena/@@download/image/14p28-1.jpg
2001/12/07
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Asgarth,  piztiaren atsedena
Duela bi urte, gutxigorabehera, Asgarth taldea ezagun bihurtu zitzaigun. Ordu ezkeroztik, Euskal Herriko talde ospetsuenetakoa da. Asgarth-eko lagunek, hala ere, hausnartzeko atsedena hartu nahi dute, laster indarberriturik itzultzeko. GAZTETXULO Asgarth-eko Iban eta Unairekin mintzatu da. 

Lehenik eta behin, egin ezazue "Etorkizunaren sustraia" diskoaren balantzea ...
Iazko azaroan kaleratu eta Durangoko Azokan aurkeztu genuen. Orduz geroztik, berrogei bat kontzertu eman ditugu eta udan astebururo ibili gara jotzen. Disko hau atera genuenean helburu horixe genuen eta, beraz, oso balantze ona egin behar dugu. Bestalde, salmentak oso ondo joan dira eta jendeari gustatu zaiola dirudi.

Zenbat ale saldu dituzue?

Zehatz-mehatz ez dakigu. Durangoko Azoka eta gabonak bukatu orduko 3.000 ale salduta genituen, gutxigorabehera. Ondorengo hilabeteetan kontzertuetan saltzen jarraitu dugu, baina hala ere, ez dakigu oro har zenbat saldu dugun.

Aurtengo Durangoko Azokan jendeak diskoa erosten jarraituko duela dirudi...

Bai. Badakigu oraindik saltzen ari dela; diskoa ez omen da oraindik hil.

Nolako esperientzia izan da zuek bezalako lagun koadrila batentzat hain denbora
laburrean berrogei kontzertu ematea? Ez da erraza, ezta dirudien bezain polita ere, ezta?
Gauzak oso azkar etorri zaizkigu eta iazko udan bost kontzertu ematetik aurten berrogei ematera pasatu gara. Guretzat aldaketa handia izan da oso epe motzean. Hasieran harrituta geunden arrakastarekin, dena izugarri azkar gertatzen ari baitzen: Euskal Herriko bazter guztietatik kontzertuak egiteko deitzen hasi ziren, baina azkenean ohitu egin gara eta normaltzat hartu dugu.

Gogorra ere bada, dena den...

Bai, nekatu egiten zara. Kontuan izan behar da gu ez garela musikatik bizi, nork bere lana, ikasketak eta abar dituela… Askotan leher eginda bukatzen genuen. Denok kontzertuak ematea gustuko dugu, baina horrek entsaio ordu asko, kilometro mordoa eta asteburu guztietan beste ezer egiteko astirik ez izatea dakar.  Horrez gain, elkarrekin denbora pila igaro behar izan dugu eta elkarbizitza estu hori ez da erraza. Hala ere, gogoko dugu eta gustura gaude.

Aurten zuen urtea izan dela esan genezake...

Bai. Badakigu etorkizunean etorriko diren disko berriekin aurtengoa errepikatzea zaila izango dela.

Kontzertu jendetsuak emateko aukera izan duzue. Ikastolen aldeko Kilometroak, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Nafarroa Oinezen, esaterako…

Zorionekoak izan gara. Bigarren lana kaleratu genuenean ez ziren disko gehiegi plazaratu, eta agian horrexegatik ibili gara hain ondo. Lehen aipatutako euskararen aldeko jai horietan guztietan jo dugu, Donostiako Aste Nagusian bi aldiz jarraian, Bilboko Kafe Antzokian... Urte garrantzitsua izan da guretzat, baina baita neketsua ere!

Kontzertu horietatik zein izan zen bereziena, gogoangarriena?

Kafe Antzokikoa oso berezia izan zen. Ordura arteko kontzertuetan beste talde batzuekin batera aritutakoak ginen, eta jendea kontzertura kartelaren arabera joaten da. Kafe Antzokian, berriz, guk bakarrik jo genuen, astelehena zen, eta horrelako egun txarrean hain harrera ona izatea sekulakoa izan zen. Donostiako aurtengo Aste Nagusirako ere prestaketa berezia egin genuen: eskenatoki handi hartan taldearen maskota -azti erraldoia- jarri genuen, su artifizialak bota...

Eta  6.000 pertsona inguratu ziren...

Bai, egia da. Gu egunero hurbildu ginen kontzertu haietara, eta kanpoko taldeekin alderatuta, gurean ez zen jende gutxiago izan. Bertako hiru taldek han jotzea eta gainerako emanaldiekin alderatuta, jende kopuruan alde handirik ez izatea oso garrantzitsua izan zen. Horrez gain, Utikan-ekin jo genuen eta, horrexegatik are bereziagoa izan zen kontzertua, bi taldeok auzo berekoak, Añorgakoak garelako, elkarrekin entsaiatzen dugulako eta gure artean anaitasun giroa dagoelako.

Dena den, kontzertu beltzen bat ere gogoratuko duzue...

Bai. Hainbeste kontzertu eman ondoren, batzuek zapore gozoa uzten dizute, beste batzuek gazia, eta beste batzuek gazi-gozoa. Adibidez, duela gutxi Aulestin Su Ta Gar-ekin jo behar genuen, baina hala ere, azken unean emanaldia bertan behera geratu zen. Guri ilusio handia egiten zigun beraiekin jotzeak eta ilusio hura zapuztu zitzaigun.

Orain gogoetarako garaia iritsi zaizue. Udako zoromena amaitu da eta etenalditxo bat egin behar duzue.

Bai. Bilera baten ostean hartu genuen erabakia. Bi urtez jo ta fuego aritu eta gero, hausnarketa egiteko eta atsedena hartzeko garaia iritsi zaigula uste dugu. Epe honetan bi disko atera ditugu, laurogei bat kontzertu eman ditugu, gauza asko gertatu dira eta atsedena behar dugu. Jendeari begira ere, Euskal Herriko zirkuitua oso txikia da eta muturretik muturrera zeharkatu dugu; beraz, atseden txiki hau ez da gaizki etorriko. Azken kontzertua Bizkaian izango da, Bilboko Kafe Antzokian, urtarrilaren 3an, osteguna. Bestalde, etenaldi hau Espainian diskoa sustatzeko eta irtenaldi batzuk egiteko aprobetxatu nahi dugu. Baita abestiak egiteko eta lan berria prestatzeko ere.

Estiloari dagokionez, bestalde, erraza litzateke zuentzat berdin jarraitzea, arrakasta ziurtatzea.... Zein jokabide hartuko du Asgarth-ek disko berrian?

Heavya izango da, ziur, baina hala ere, estiloa eta taldearen soinua birplanteatu nahi ditugu. Ez da aldaketa handirik izango, baina dena den, gure eraginak pixka bat zabaltzen ahaleginduko gara. Lehendabiziko diskotik, gogortasun puntu horren bila jarraitzen dugu. Bigarrena grabatu genuenean, soinua, oro har, bortitzagoa zen, ahotsarekin kontrapuntua bilatu nahi genuen. Disko berriarekin beste aurrerapauso bat emango dugu bide horretan. Gure influentziak, orain arte, heavy klasikotik etorri dira: Helloween, Iron Maiden, Judas... Aurrerantzean, haiez gain, Pantera edo, Euskal Herrian, Koma eta gisa horretako taldeen eragina geureganatu nahi dugu, betiere Asgarth izaten jarraituz, noski. Hori argi gera dadila.