Asel Luzarraga errudun jo dute Txilen

Asel Luzarraga errudun jo dute Txilen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asel-luzarraga-errudun-jo-dute-txilen/@@download/image/2010922107Asel_Luzarraga.jpg
2012/12/13
berria
Asel Luzarraga errudun jo dute Txilen
Etxean lehergaiak prestatzeko materiala edukitzea egotzi dio Txileko auzitegi batek. Idazle bizkaitarrari zigorra zenbatekoa den esango diote datorren astearen hasieran.Fiskalak bost urteko espetxe zigorra eskatua du.

Laster zortzi hilabete beteko dira Txileko Fiskaltzaren aginduz Asel Luzarraga euskal filologo, irakasle, musikari, idazle eta aktibista atxilotu zutenetik. Lehergailuak ipinita terrorismo ekintzak burutu izana egozten diote, baina denbora honetan guztian bere senideek, lagunek eta abokatuak lan handia egin dute Luzarragaren benetako izaera ezagutzera emateko: "Txiletar Estatuaren estrategiaren biktima da Asel, Maputxeen –Txileko jatorrizko herria– alde lan egiten duen oro kriminalizatzen baitute".
2009ko abenduaren 31ko arratsaldean, lehergailu bat aurkitu zuten Txileko La Araucania eskualdeko Justizia idazkaritzan. Atentatuak huts egin zuen, gailuak ez baitzuen leher egin, detonazio mekanismoan hutsegitea izan zuelako. Hau gertatu eta ordu batzuk geroago Asel atxilotu zuten Padre Las Casasen, bera bizi den hirian, atentatuaren egilea bera zela leporatuz. Bere etxea miatu zuten eta, iturri ofizialek diotenez, bertan su-itzalgailu bat, bolbora eta metxa bat aurkitu zuten.

Bertsio hori, baina, kolokan jarri dute Aselen aldekoek eta beren azaletan halako prozesuak bizi izan dituzten hainbat auziperatuk ere. Azken hauek adierazi dutenez, muntaiaren estrategia ohikoa da Txiletar Estatuarengan, akusazioak susmoetan oinarritzen dituztelako eta frogak asmatu edo muntatu egiten dituztelako.

2009ko abendu amaiera hartatik hona Aselen aldeko mugimenduak azken honen askatasuneranzko hainbat urrats egin ditu: lehendabizi espetxetik atera eta etxeko atxiloaldia lortu zuten, ondoren kalera ateratzeko baimena eskuratu zuten eta, azkenik, kalean egoteko baimen ordu horiek luzatzea ere erdietsi dute. Epaiketari begira, bestalde, argi eta garbi adierazia dute haren ingurukoek ez dutela errugabetasuna ez den bestelako sententziarik onartuko, "ez baitago beste biderik deliturik egin ez duen inorentzat". Gainera, Txiletar Justiziaren atzean "mamu Pinotxetistak" ote dauden ala ez frogatuko omen da epaiketa honetan.

Gertatzen ari den guztiari bere alde ona ikusteko gai dira Asel eta bere ingurukoak. Izan ere, "Maputxeen mezua zabaltzen duenaren ahotsa isildu nahi bazuten ere, guztiz kontrakoa lortu dute; Aselen egoerarekin batera Maputxeena ere ezagutzera ematea lortu dugu".

Asteartean, hilak 7, idazleari elkartasuna adierazteko manifestaziora deitu dute Bilboko Plaza Biribilan, 19:30ean.

Auziaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, edo Asel Luzarraga nor den eta zer egiten duen hobekiago ezagutu nahi izanez gero, aselaskatu.org atarira jo dezakezu.

GAZTEZULOn ere eman genuen bere idazle ibilbidearen berri literatur kritikak atalean.