Artze eta Txillardegi gogoratuko dituzte bihar Usurbilen eta Donostian

Artze eta Txillardegi gogoratuko dituzte bihar Usurbilen eta Donostian Artzeren poemen antologiaren aurkezpena eta Oskarbi taldearen kontzertua izango da Usurbilen. Txalaparta, bertso, irudi eta abarrekin jantziko dute Txillardegiren omenezko elkartzea Donostian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artze-eta-txillardegi-gogoratuko-dituzte-bihar-usurbilen-eta-donostian/@@download/image/Mi proyecto (1).png
2022/01/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Artzeren poemen antologiaren aurkezpena eta Oskarbi taldearen kontzertua izango da Usurbilen. Txalaparta, bertso, irudi eta abarrekin jantziko dute Txillardegiren omenezko elkartzea Donostian.
Artze eta Txillardegi gogoratuko dituzte bihar Usurbilen eta Donostian

Joxean Artzeren eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren heriotzaren laugarren eta hamargarren urteurrena da, hurrenez hurren, aste honetan eta, hori dela eta, euren izatea eta ekarpena gogora ekartzeko ekitaldiak egingo dituzte Usurbilen eta Donostian. 

Arratsalde osoko omenaldi egitaraua prestatu dute biharko, Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuta. Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren poemak bildu eta Enborretik antologia osatu du, eta lana usurbildarren aurrean aurkeztuko dute. Aurkezpena 18:00etan izango da, Mikel Laboa plazan, eta eguraldi txarra izanez gero, aldiz, Sutegin. Jarraian, 19:00etan, Oskarbi taldeak kontzertu berezia eskainiko du Sutegin. Ez Dok Amairuren ernamuinak Artzeren idatzi asko musikatu ditu, eta kantu horiekin zein euren ibilbideko eta azken diskoko sorkuntzekin osatuko dute emanaldia.

Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta pentsalaria ere oroituko dute Donostian, ohitura duten legez. Aurreko egunetan haren inguruko zenbait ekintza izan dira San Telmo museoan: Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarrien eta gaurkotasunaren inguruko hitzaldia Alaitz Aizpuru eta Iñigo Urrutiarekin, eta Kronikak liburuaren aurkezpena. Bihar, berriz, 12:00etan, heriotzaren urteurreneko ekitaldia egingo dute Antiguako Txillardegi plazan. Horma-irudi berritua inauguratuko dute eta, ondoren, euskal idazle batek hartuko du parte eta txilar landareak landatuko dira. Horretaz gain, bertan izango dira txalapartariak, Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Janitz Enparantza txistularia, eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzariak. Ekitaldia Euskal Herrian Euskaraz kanta abestuz eta muxiko bat dantzatuz amaituko dute. Oroimeneko ekitaldiekin amaitzeko, urtarrilaren 18an, asteartea, Jakin fundazioak prestatutako bi liburu aurkeztuko dituzte: Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea. Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Igone Lamarainek parte hartuko dute aurkezpenean.

Bestalde, urteurrenaren harira, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimena taldeak beste bultzada bat eman nahi dio idazlea zendu zenean Donostiako udal liburutegi nagusiak Txillardegi Liburutegia izena har dezan eskatzeko egin zuten sinadura bilketari.