Artzain egun arrakastatsua Legazpin

Artzain egun arrakastatsua Legazpin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artzain-egun-arrakastatsua-legazpin/@@download/image/2011954577artzai_eguna1.jpg
2012/12/13
berria
Bizibide bat ez ezik bizimodu bat ere bada artzaintza. Artzain eskola berriek eta atzokoa bezalako ekitaldiek bizirik eutsi nahi diote guzti honi. 

Antzinako kontuak dira askorentzat baserria edo artzaintza. Badago, ordea, hauen aldeko apustua egiten duenik ere. Honela, azken urteetan artzain eskolak sortu dira eta ondorioz baita artzain berriak ere. Edota artzain egunak antolatzen dira han eta hemen, mundu hau ezagutzera emateko.

Gipuzkoakoa ospatu zen atzo Legazpin. Egun osoan artzainen produktuak erosteko aukera izan zuten bertaratu zirenek, baita artisau azokan saltseatzeb aritu, ardi mozketak ikusi eta gaztagintzaren lehena eta oraina erakusten zuten hainbat stand bisitatzekoa ere. Hala ere, horrelako egunetan gertatu ohi denez dastaketak eta lehiaketak izan ziren egunaren ardatza.

Goizean goiz Gipuzkoako gazten lehiaketaren 27. edizioa egin zuten, eta Olaberriko Aizpea gaztandegia suertatu zen garaile. Gazta dastaketa herrikoian, berriz, Aitor Legorretarra izan zen bozkatuena. Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako 21. lehiaketa egin zuten ondoren, ardi okelazko pintxoen dastaketarekin, eta kasu honetan Legazpiko La Bellota elkarteak eraman zuen lehen saria.

Tripa bapo bete ondoren Gipuzkoako Artzain Txakurren 43. Txapelketa jokatu zuten Urtatzako zelaian, eta Elgoibarko Joxe Arrizabalagaren Azkar txakurra izan zen azkarrena. Artzaintzaren alde lan egindakoak, artzain beteranoak eta Ameriketako diasporako artzainak omenduz biribildu zuten eguna.