'Artxipelagoa' fikziozko audio-telesaila urriaren lautik aurrera entzungai
Ulu Mediak EITBPodkast plataformarako ekoitzitako Artxipelagoa zortzi ataleko audio-fikzio distopikoa da eta urriaren 4an, datorren astelehenean, argitaratuko dute atarian. Oraingoz aurrerapena entzun daiteke, giroaren nondik norakoak ezagutzeko. Teknologia binaurala erabili dute eta horri esker entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatuko da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzaile bihurtuz.
Fikziozko telesailaren istorioa etorkizun hurbilean kokatua dago, eta kontinenteen zati bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. Egoera horrek telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu eta bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute. Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazteak baditu, hala ere, baikorra izateko arrazoiak: batetik, urpetze aurreko munduari buruzko gauza harrigarriak kontatzen dizkion aitonarekin bizi delako eta, bestetik, ur-azaletik gertu geratzen diren behialako mendi tontorretan burdin zatiak topatzeko trebezia duelako. Nahiz eta bere bilatzaile gaitasunak, ustekabean, azpijoko arriskutsu batean murgilaraziko duen.
Istorioaren ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da, eta Aranzabalek berak zuzendu eta ekoitzi du Juan G. Andresekin batera. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzi dute, eta audio diseinuaz Xanti Salvador eta Koldo Corella arduratu dira. Soinu banda originala Rafa Ruedak eta Aritz Aranburuk egin dute, eta kartela eta arlo grafikoa, berriz, Xabier Sagastak.
Telesailean hainbat aktore ezagunen ahotsak entzungo ditugu: Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, eta Klara Badiola.
Aurrestreinaldia ostegunean Kursaalen
EITBPodkastera iritsi aurretik, nahi duenak ostegunean izango du Artxipelagoa entzuteko aukera Kursaaleko Ganbera aretoko aurrestreinaldian, edukiera bete arte. Gonbidapenak Kursaaleko txarteldegian eta webgunearen bitartez eskura daitezke.