'Artxipelagoa' audio-fikzioaren bigarren denboraldia estreinatu dute
Artxipelagoa audio-fikzio serie apokaliptikoaren bigarren denboraldia gaur estreinatu dute EITBPodkast atarian. Hauxe da bigarren denboraldiaren abiapuntua: "Klima aldaketaren ondorioz, izan diren hondamendiek artxipelago bihurtu dute gure lurraldea. 2103garren urtea da. Itsas maila mundu osoan kolpera igo ostean, ordena geopolitikoa ere aldatu egin da. Gure inguruan, Ipar Afrikako Lida da boteretsuena, Alpeetan gotortuta dagoen germaniar konfederazioarekin lehia estuan. Euskal Artxipelagoak neutral jokatu nahi izan du, merkatu harremanak indartuz, burujabe izaten jarraitzeko. Ipar Afrikako Ligak, Barra setiatuz, Euskal Artxipelagoa bere mendean hartu nahi du ordea. Piratek Jare bahitu dute eta beste europar potentziari, germaniarrei, saldu nahi diote".
Aurreko denboraldian bezala, Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy aktoreek jarri diete ahotsa bi pertsonaia nagusiei: Jare eta Iker. Aitorren paperean Iñaki Beraetxe aritu da eta Itziar Ituñoren ahotsak gorpuztuko du Olatz pertsonaia berria. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kide gehiagok ere parte hartuko dute, hala nola, Sara Cozarrek eta Klara Badiolak. Anartz Zuazuak gidatu du aktoreen lana.

Oier Aranzabalek zuzendu du ekoizpena, eta Xabier eta Martin Etxeberriak idatzi dituzte gidoiak. Grabazioak Xanti Salvador eta Koldo Corellaren estudioan egin dira eta Ulu Mediaren estudioan amaitu. Irudiak Xabier Sagastarenak dira eta Rafa Ruedarena, berriz, soinu banda originala.

