'Artxipelagoa' audio-fikzioaren azken denboraldia estreinatu dute EITBPodkast-en

'Artxipelagoa' audio-fikzioaren azken denboraldia estreinatu dute EITBPodkast-en Denboraldi honetan, Itziar Ituño eta Aner Peritz ere arituko dira pertsonaiei ahotsa ematen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artxipelagoa-audio-fikzioaren-azken-denboraldia-estreinatu-dute-eitbpodkast-en/@@download/image/artxipelagoa.jpg
2023/12/13
Denboraldi honetan, Itziar Ituño eta Aner Peritz ere arituko dira pertsonaiei ahotsa ematen.
'Artxipelagoa' audio-fikzioaren azken denboraldia estreinatu dute EITBPodkast-en

Artxipelagoa audio-trilogiaren azken denboraldia estreinatu dute EITBPodkasten, zortzi ataletatik lehena. Gainerakoak, astelehenetan argitaratuko dituzte sarean. 

Trilogiaren amaieran, ordena geopolitiko berriak agintzen du, klima larrialdiaren  ondorioz, 2103an, bat-batean mundu osoko itsas maila kolpera igo zenetik. Ipar Afrikako Liga da indartsuena, baina lehia estua egiten dio Alpeetan gotortuta dagoen Germaniar Konfederazioak. Euskal Artxipelagoaren burujabe izateko nahiari arrakalak sortu zaizkio: Afrikako Ligaren aldekoak eta Germaniar Konfederazioarekin lerratu nahi dutenak elkarren kontra ari dira. Dena galduta dagoela dirudi.

Hirugarren denboraldiko lehen atalean, Jare, Iker eta Nizar Zuricheko portuan daude, Germaniar Konfederazioaren ateetan. Jarek bere iraganarekin talka egin du. Bitartean, Urbasako portuan Ipar Afrikako gudarosteak eta euskal artxipelagoko azken fakzioek euren estrategiak definituko dituzte. 

Itziar Ituñok Olatzen papera egingo du, eta aurreko bi denboraldietan bezala, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Asier Hormaza, Asier Hernandez eta Iñaki Beraetxek jokatuko dituzte pertsonaia nagusiak. Horiekin batera izango da denboraldi honetan Aner Peritz ere.
 
ULU Mediak ekoitzi du audio-fikzioa, EITBPodkasterako. Zuzendaria Oier Aranzabal izan da eta gidoilariak Martin eta Xabier Etxeberria. Xabier Sagastarenak dira irudiak eta Rafa Ruedarena musika.