Arturo Rios: "“Hondartzara "burkini"-arekin joan nahi duenak egin dezala, bere aukera da”"

Arturo Rios: "“Hondartzara "burkini"-arekin joan nahi duenak egin dezala, bere aukera da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arturo-rios-quothondartzara-burkiniarekin-joan-nahi-duenak-egin-dezala-bere-aukera-daquot/@@download/image/2011754143artur_1361315113.jpg
2011/07/05
elkarrizketa
Antxoka Agirre
Urtero lasterketa nudista egiten da Sopelako Barinatxe hondartzan. Euskal Naturisten Elkarteak antolatzen du eta Arturo Rios bertako batzordekidea da. Hasiak dira udako beroak, hasiak gara arropak arindu eta hondartza zapaltzen, eta bainujantzia erantzita zer moduz sentitzen den galdetu nahi izan diogu. 

Zergatik ematen digu hainbeste lotsa jendaurrean biluzteak?
Oinarrian dagoena beldurra da. Jendeak esan dezakeenari beldurra, polizia kargu hartzera etorriko ote zaizun beldurra… Gero ez da arazorik izaten, baina beldur guzti horiek gainditzeko eman beharreko pausua ez da erraza.

Zergatik hainbati gaizki iruditzen zaio ondokoa biluztea?

Gizartean tradizionalki nagusi izan den moralak eta ideologiak biluztasuna sexuarekin erlazionatu izan du bai ala bai; eta besteen aurrean biluztea exhibizionismoarekin. Kontu ideologiko eta kultural bat da hau. Nudismoak aldarrikatzen biluztea zerbait naturala eta osasungarria dela eta aldarrikatzen duen horrek ez du inolako konnotazio sexualik.

Duela hamahiru urte sortu zenuten elkartea. Ordutik hona zertan egin da aurrera eta zertan atzera nudismoaren ikuspegitik?

Praktikatzen duen jendearen kopuruak ez du aldaketa handirik izan azken hamarkadan. Praktika legal eta normal bat denaren pertzepzioa ordea dezente zabaldu dela iruditzen zaigu. Atzerapauso nabarmenenak politikarien diskurtsoetan ikusten ditugu. Azken urteetan gizarteari aurrerantz eragin beharrean atzerantz eragiten diote. Debekatzen ere saiatu dira Donostian, Cadizen edo Bartzelonan esaterako. Baina ez dute arrakasta handirik izan, ez epaitegietan eta ezta gizartearen jarreran ere.

Zenbat kide zarete elkartean? Zein da sozioaren profila?

Bazkideak familiak nahiz norbanakoak izan daitezke. Europa mailan batez ere famili giroan praktikatzen da nudismoa eta geurean ere beste hainbeste gertatzen da; 150 familia dira bazkide, bakoitza hiruzpalau kiderekin bataz beste, eta beste 150 lagun indibidualki egin dira sozio. Gainerakoan profil jakinik ez dago, denetariko jendea gaude han… Estatistika batzuk atera genituen eta herrialdeka biztanleria orokorraren proportzio bertsuak mantentzen dira, hau da, Bizkaian, Gipuzkoan eta abar antzerako proportzioan praktikatzen da nudismoa. Generoaren araberako kopuruak ere antzerakoak dira. Egia da emakumezkoek joera gehiago dutela zentro nudistetara joateko, babestuago sentitzen direlako, eta gizonezkoek errazago egiten dutela hondartzetan, baina sozio kopuruari dagokionez ez dago diferentzia nabarmenik.

Europako beste herrialde batzuekin alderatuta asko edo gutxi praktikatzen da Euskal Herrian?

Alemanian %23ak praktikatzen du, Holandan ia %50ak, Frantzian %18ak… Hemen ez da neurketarik egin eta ezin alderaketarik egin. Zentro nudistei dagokionean garbi dago hemen inguruan ez daukagula ezer, eta Frantzian esaterako 300 dituzte. Egia da baita Euskal Herria oso librea dela gauza askotan, baina auzokoak esan dezakeenari beldur handia diogula. Ondorioz, nudismoa praktikatzen duen jendea badago, baina asko eta asko kanpora joaten da horretarako.

Nora?
Herrialde Katalanetan, esaterako, 'Relax Nat' eta 'Templo del Sol' kanpinak daude, edo El Fonoll herrixka nudista. Oso polita da herri hau. Sierra Natura ere hor dago. Almeriara ere, Berako urbanizazio nudistetara euskaldun mordoa joaten da, Almanatea… Toki asko dago. 

Euskal Naturismo Elkartea dio izenak baina zuk nudismo hitza erabiltzen duzu; esanahi berbera al dute bi hitzek?

Bai, bai. Naturismo hitza frantsesek finkatu zuten, 'al natural' egotea esan nahi du. Gero zenbaitzuk ulertu zuten gaizki-ulertua eragin zezakeela, naturismoa sendabelarrekin, begetarianismoarekin zein gisa honetako kontzeptuekin lotu ohi baita sarritan, eta geureak ez du horrekin zerikusirik. Kanpin nudista batean ohiko estanpa da esku batean zerbeza pitxarra, ahoan purua eta parrillan saltxitxak dituen gizonkotearena… Kar, kar, kar. Nudismo hitza gaizki-ulertu hori saihesteko bultzatu zen, baina biak erabiltzen dira eta biek esanahi bera dute.

Zein ekimen bultzatzen dituzue elkartetik?

Euskal Herriko nudistak bildu eta praktika hau bultzatzeko sortu genuen. Babes juridikoa eskaini diogu aldarri honi epaiketaren bat sortu denean, atzerriko gisa honetako elkarteekin harremanetan gaude… Nudismorako espazioak irekitzen ere saiatu gara, adibidez, Artxandako igerilekuan ordutegi bat lortu dugu nudistentzat, Areatzako bainuetxean ere bai. Azken aldian senderismo nudista praktikatzen hasiak gara, Gasteizko pantano inguruetan, Donostian… Eta urtero Patxi Ros lasterketa ere antolatzen dugu Sopelako hondartzan. Nudismoa praktika osasuntsu bat dela azpimarratu nahi da biluzik egiten den lasterketa honekin.

Bihar duzue lasterketa. Zenbat jende espero duzue?

Eguraldi onarekin 150 bat lagun izan ohi gara. Eskasagoarekin 50 inguru. Biharko ona dago emana. Bertara azaltzen den orok izena eman dezake hamaikak arte. Eguerdiko hamabietan emango zaio hasiera eta bost kilometro izango dira.

Nor da Patxi Ros?
2003an hartu zuen bere gain elkarteak lasterketaren antolakuntza. Aurretik, 1998tik uste dut, Javi Rosek antolatzen zuen. Lasterketa bati zure izena jartzen badiote normalean ez da seinale ona izaten, 'ui gaixoa, zer gertatu zitzaion?' galdetu izan digu jendeak behin baino gehiagotan. Kar, kar, kar. Argitu beharra dago sekulako sasoian dagoen tipo bat dela. Behobia biluzik egin duen bakarra da, Gasteizko maratoia ere egin zuen biluzik abenduan hiru gradurekin… Tipo jatorra da eta aurretik berak antolatzen zuenez izen hori jartzea erabaki genuen.

Zergatik biluzik hobeto jantzita baino?
Nahikoa kontu pertsonala da. Nik adibidez bainujantzia kentzen hasi nintzenean konplexu, segurtasun gabezia eta aurreiritzi mordoa ere kendu nituen gainetik. Beste batzuk askatasun sentsazioa aipatzen dute, edo mundutik natural ibiltzeko gogoa, edo naturarekin bat egitekoa, edo erosotasuna… Barneko kontu bat da. AEBetan egindako ikerketa batek agerian utzi zuen nudismoan hezitako gazteen artean anorexia kasurik ez zela ematen kasik. Hain zuzen ere biluztasunak denok antzekoak garela erakusten digu, edo nahiago bada bakoitzaren ezberdintasunak onartzen… Ikerketa gutxi egin da gaia tabua delako baina egin diren guztiek onurak baino ez dituzte erakusten.

Denetariko sozioak dituzuela esan duzu, baina nudista gazte gutxi dagoela esango nuke.

Logikoa da. Gaztetxoa zarenean segurtasun gutxiago izaten da norbere buruarengan, konplexu gehiago ere bai, garrantzia gehiago ematen zaie txikiagoa daukat edo handiegiak dauzkat eta horrelako kontuei. Aitortu beharra dago nudista gazte gehienek guraso nudistak dituztela. Eta alderantzizko kasuak ere badaude: gurasoak nudistak direlako nudismoari uko egiten diotenak. Kar, kar, kar.

Biluzik edozein tokitan?

Konnotazio sexualik gabe baldin bada, bai. Gainera esan beharra dago gero normalean ez dela edozein tokitan egiten. Kaleko nudismoa debekatzea kalean astronautaz jantzita joatea debekatzea bezala da. Donostian Irwinen kasua dugu. Epaiketa guztiak irabazi ditu, eskubidea duelako, baina ez dago horrelako kasu askorik.

Biluzik edozein eguraldirekin?

Ez, noski. Eta hemen badaukagu arazo hori. Pasadizoa kontatuko dizut: Nire emaztea Elkarteko lehendakaria da eta tele5tik deitu zioten erreportaje bat egiteko. Donostiako Zurriolan abuztuan ona egiten zuen lehen arratsalderako jarri zuten zita… ez zuten erreportajerik egin eguna joan eta eguna etorri eguraldi txarra egin zuelako.

Hondartza mistoak edo nudistentzako baldintza onetan dauden hondartza bereziak?

'Textil'-ak eta nudistak elkarrekin nahasian. Bainujantziarekin dabiltzanei deitzen diegu 'textil', ijitoek 'payo' darabilten bezala. Zu bainujantziarekin zaude, ni gabe, eta zerbeza batzuk hartzera elkarrekin goaz 'txiringitora', ez bada legeren batek hori ere itxi arazi duela. Elkarbizitza da apustua, eta musulmanen batek 'burkini'-arekin joan nahi badu egin dezala, bere aukera da. Entzun izan dut, 'zuek zuen biluztasuna inposatzen diguzue'… Eskubideen simetrikotasuna errespetatu behar da: nik ez bazaitut biluztera behartzen, zuk ez nazazu behartu janztera; nik ez badizut nire ideologia inposatzen zuk ere ez inposatu niri zeurea. Hori da benetako elkarbizitza.