Artista gazte feministen lanak, ikusgai Donostian

Artista gazte feministen lanak, ikusgai Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artista-gazte-feministen-lanak-ikusgai-donostian/@@download/image/20121176614zirkunferentzia_1.jpg
2012/12/13
berria
Artista gazte feministen lanak, ikusgai Donostian
Kurba neska gazte feministaz osaturiko talde irekia da. 2012an Leitzan Bilgune Feministak egin zituen topaketetan abiatu zuten, eta orain arte antolatu dituzten tailer eta erakusketetan 60 emakume inguruk hartu du parte. Horietatik eratorri da, hain zuzen, ostiral honetan Donostiako Emakumeen Etxean inauguratuko duten erakusketa: 'Zirkunferentzia kurba itxi bat da'.

Maria Altuna, Izaro Glez. Ieregi, Lierni Esnaola, Mikela Cueli eta Ustaritz Betelu. Bost  lagun, nork bere estiloa baliatu du, bere materialak, bere ideiak eta sormen gaitasuna, baina denek oinarri bera izan dute, feminismoa.

Emakume feminista gaztez osaturiko talde da, hain justu, Kurba. Aldaketa ugari jasan ditu 2012 urte hasieran Euskal Herriko Bilgune Feministak egindako topaketetan sortu zenetik, baina horien gainetik, ilusio handiz, taldekideek sentitzen dituzten beharrei erantzuten dihardu. Erakusketa eta tailer irekietatik performanceak eta ideia paregabeak sortzen joan dira, eta horiek ikusgai jarriko dituzte orain Donostian.

Nork berea
Maria Altuna Zizurkilgo alabak buztina erabili du ikusleen memorian inflexio puntuak sortzen dituzten bideak irekitzeko. Izaro Glez. Ieregik, ordea, 1610/2012 argazki seriea egin du, ikus-entzunezkoen mundua duela 400 urte baino gehiagoko objektibo batekin arakatuz.

Lierni Esnaolak oihala, puntadaz puntada, landu du, eta Mikela Cuelik zeramika. Ustariz Betelu, eskultorea bada ere, musika, pintura eta ikus-entzunezkoen munduan aritua da, eta oraingoan margoa izan da bere instrumentu nagusia.

Bost emakumeen lanak, beraz, ostiral honetan, azaroak 9, jarriko dituzte ikusgai, eta urtarrilera bitarte mantenduko dituzte Donostiako Emakumeen Etxean. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan egingo dute.