Artisautza, musika eta sorkuntza izango dira Gasteizko MFEST emakume artisten jaialdian

Artisautza, musika eta sorkuntza izango dira Gasteizko MFEST emakume artisten jaialdian Kontzertuak, artisautza azoka, hitzaldia, erakusketa, mural bat eta hiru tailer antolatu dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artisautza-musika-eta-sorkuntza-izango-dira-gasteizko-mfest-emakume-artisten-jaialdian/@@download/image/MFEST_03.jpg
2023/05/26
Kontzertuak, artisautza azoka, hitzaldia, erakusketa, mural bat eta hiru tailer antolatu dituzte.
Artisautza, musika eta sorkuntza izango dira Gasteizko MFEST emakume artisten jaialdian

Tradizioz gizonezko figurek okupatutako espazioetan emakume artistei aukerak eta inposiziorik gabeko espazioa emateko beharretik sortu zen MFEST jaialdia. Jarduerak 16-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta erabat doakoak dira. Hurbileko artista asko egongo dira, baita emakume galiziar, madrildar eta katalanekin egindako kolaborazioak ere. Gaur eta bihar gauzatuko da ekimena Jimmy Jazz Aretoan, Labe Gazte Laborategian, Martin Ttipia Plazan eta Falerina Lorategian.

Jaialdia gaur hasiko da, 21: 00etan, Jimmy Jazz Aretoan, Perlata (Arrasate) eta Sandré (Bartzelona) taldeen kontzertuekin. Bihar, berriz, artisautza azoka egingo dute Martin Ttipia plazan, 12:00etatik 20:30era. Hamazazpi artisauk parte hartuko dute bertan.

Labe Gazte Laborategian, Infumable fanzine galiziarraren sortzaileak izango dira bihar goizez, eta horrelako aldizkariak autoeditatzearen esperientzia azalduko dute, nola sortu eta nola ezagutarazi. Arratsaldean, tokiko hiru sortzailek aldibereko hiru tailer egingo dituzte: txapa, estanpazio eta libreten tailerrak. Izena eman behar da lantegietan aritzeko.

Begiluz argazki erakusketa kolaboratiboa ere hartuko du Labek. Eider Iturriaga argazkilari gasteiztarrak kontzertuetan ateratako argazkien atzera begirakoa ikusi ahal izango da. Gainera, bisitariek euren aztarnak eta inpresioak utzi ahal izango dituzte. Erakusketa honekin batera, Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Mattos ilustratzaileek elkarlanean MFESTaren VI. edizioa ospatzeko margotu duten murala ikusi ahal izango da.

Azkenik, Heksa (Madril) eta Ginger (Zarautz) musika taldeek punk doinuez beteko dute Falerinako Lorategia, 19: 00etatik aurrera.