Arteak Ireki plataformakoek martxoak 23an herriz herriko mobilizazioak deitu dituzte

Arteak Ireki plataformakoek martxoak 23an herriz herriko mobilizazioak deitu dituzte Zuzeneko emanaldi, jarduera, ekintza eta ikuskizunen gainean Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen dekretu bidegabearen harira sortuta da Arteak Ireki mugimendua. Bertan kultura arloko artista eta langileek aurpegia eman nahi izan dute kultura erabat itotzen duen araudi honen aurrean. Kulturak aberastasuna ematen digula inork ez du zalantzan jartzen, beraz, zer zentzu du aberastasuna mugatzeak? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2019/02/27

Testua: Jaione Dagdrommer

Zuzeneko emanaldi, jarduera, ekintza eta ikuskizunen gainean Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen dekretu bidegabearen harira sortuta da Arteak Ireki mugimendua. Bertan kultura arloko artista eta langileek aurpegia eman nahi izan dute kultura erabat itotzen duen araudi honen aurrean. Kulturak aberastasuna ematen digula inork ez du zalantzan jartzen, beraz, zer zentzu du aberastasuna mugatzeak?
Arteak Ireki plataformakoek martxoak 23an herriz herriko mobilizazioak deitu dituzte

Kultura arloko artista eta langileen haserre eta kezka Gasteizko Udaleko araudiarekin hasi bazen ere, orain dela aste batzuk jakin berri dugun Jaurlaritzaren dekretuak EAEko udal guztiei eragiten die salbuespenik gabe. Baina zertan datza? Taberna bakar bate ere ezin du hilean ikuskizun bat baino gehiago antolatu, ezta urtean 12 baino gehiago ere, lehen 40 ekitalditakoa zenean gehienezko kopurua. Elizetako kontzertuak ere erregulatzeraino iritsi dira, abesbatzen emanaldiak mugatuz. Beraz, araututa dauden aretoetatik at, beste guztiek muga zurrun eta gehiegizko hauen baitan antolatu beharko dituzte ekitaldiak.

Areto eta tabernetako ikuskizun eta dibertimenduzko ekintzak urtean 12ra murrizteak uda sasoian sekulako eragina izango luke herri eta hirietako jaietan, kontzertu bat baino gehiago egiteko aukera bertan behera uzten baitu. Zer gertatuko da bada aurrerantzean herriko jaiekin? Zer Bilboko aste nagusiarekin edota Donostiako Jazzaldiarekin? Gainera, honi desadostasuna adierazteko sortu den Arteak Ireki taldeko Iñaki Landak aipatu digu ezinezkoa dela egun gutxirekin inprobisatutako ekintzak burutzea ere. ARTgia sorgune aretoko kidea da Landa eta esan digu isunak ezarri izan dizkiotela datozen ekitaldiak 10 eguneko gutxieneko epearekin ez abisatzeagatik: “Baina askotan ezin dugu hainbesteko egunez aurreikusi ekitaldia, maiz artistak biran daudenez, hemen inguruan pasatzen direnean antolatzen ditugu, dekretu honekin arteak askotan berekin dakarren inprobisatzeko tartea ere mugatzen dute, guk ez dugu inoiz hain epe luzera funtzionatu.”

Gainera, murrizte honek orokorrean dibertimenduzko ekintzei eragiten diela aipatzen du. Kontzeptu orokor horixe azaltzen da dekretuan, besterik zehaztu gabe. Zer sartzen da ordea kontzeptu horretan? Dibertimenduzko ekintza bat da bakarlari bat? Antzezlan bat? DJ bat edota erakusketa bat? Benetan larria da ekintza guzti hauek mugatu nahi izatea.

Guzti honetan, beste behin, kaltetuak eragile eta enpresari txikiak ateratzen dira, ohartzen ez dien arren horrek turismoari ere erasotzen diola eta baita kale eta auzoetako bizitzei. Kultura aberasgarri bat sortu eta mantentzeko denon rola beharrezkoa baita, txiki zein handiena. Araudi honekin aldiz, kultura itotzen da eta hastapenetan dauden talde zein artista guztiak erasotzen dira.

Ezin da jaialdi handien garapena ulertu eszena lokala babestu gabe, artista handi guztiak hasi baitira espazio txikietan. Arteak Ireki mugimenduak argi dio ez daudela jaialdi aldien aurka, ez baitira arerio; espazio txikietan gozatzen duen zaleak berdin gozatu dezake jaialdietan ere eta alderantziz.

Dekretu bidegabe honen aurka hainbat euskal artistek grabatu dute bideo bat Neil Young-en Keep on rockin in the free world abesti mitikoa moldatuz, horien artean dauden Jon Basaguren, Libe edota Miren Narbaiza, besteak beste.

Sortzaileek berekin dutenez korrontearen aurka joatea, kexatzeaz gain egoera honi irtenbidea eman diezaiokeen proposamena ere luzatu nahi izan diote Arteak Ireki mugimendutik Eusko Jaurlaritzari. Kultura-espazioak izeneko kategoria berria sortzea, hain zuzen. Funtsezko urratsa da aipatutako leku murritzeko eta izaera erabat kulturaleko espazio hauek babesteko. Formatu txikiko musikaren eta zuzeneko artearen aldeko marko normatibo berria sortzea ezinbestekotzat jotzen dute.

Proposamen hau aldarrikatzeko eta bidegabekeria honen berri herritarrei ezagutarazteko martxoak 23rako mobilizazioak antolatu dituztela aurreratu digu Iñaki Landak: "Herriz herri egitea da asmoa, horretarako Arteak Irekikook sarean beharrezkoa den guztia jarriko dugu herritarren eskura: pankartak, materialak, lema ezberdinak... Herri bakoitzak bere ukitu propioa jarri ahalko dio mobilizazio musikatu hauei. Musikak berekin dakarren festa giroan egingo dira protestak, beraz markatu martxoak 23a egutegian, larunbata da eta ez dago aitzakiarik. Ea eguraldiak ere laguntzen duen!"

Kulturaren kontrako erasorik ez!
Sinatu hemen manifestua: https://tinyurl.com/y2bjpgf9