Artea, moda eta argazkigintza uztatuko dituen ikastaroa eskainiko dute Artelekun

Artea, moda eta argazkigintza uztatuko dituen ikastaroa eskainiko dute Artelekun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artea-moda-eta-argazkigintza-uztatuko-dituen-ikastaroa-eskainiko-dute-artelekun/@@download/image/arte_argazkigin_1369639688.jpg
2013/05/27
berria
YOX kolektiboaren eskutik eta Arte-argazkigintza-moda egitasmoaren baitan, ikus-arteak eta argazkigintza lantzeko tailerra egingo dute uztailean Artelekun. Parte hartzaileek Cristobal Balenciaga Museoarekin elkarlanean jardungo dute, eta beren sorkuntzak bertan jarriko dituzte ikusgai ikastaro amaieran.


Arte garaikideak filosofia, teknologia, politika, literatura, diseinua, komunikazioa eta beste hainbat alorrekiko sinergiak landu izan ditu azken hamarkadetan, baita modarekin ere. Eta azken honek, hain zuzen, argazkigintzarekin batera, oinarrizko lekua hartu du egungo jendartean. Horregatik, hiru alor hauen arteko loturak ezagutu eta lantzeko asmoz, profesional nahiz ikasleei zuzenduriko tailerra eskainiko dute Artelekun YOX kolektiboaren ekimenez, Arte-argazkigintza-moda egitarauaren baitan.

Tailerrean parte hartzeko, ekainaren 20a baino lehen eman beharko dute izena interesatuek. Horretarako, workshop@colectivoyox.com helbidera idatzi beharko dute, eta tailerraren oinarrietan aipatzen diren dokumentuak atxiki.

Ondoren, ikus-arteetan diharduten bost lagun eta beste bost moda sortzaile hautatuko dituzte antolatzaileek, eta horiek izango dira uztailaren 1etik 5era ikastaroa egiteko aukera izango dutenak.

Ikastaroa
Alor bakoitzeko sortzaile bana hautatu eta bikoteka jarriko dituzte, eta hala, elkarri beren ekarpena eginez, Cristobal Balenciaga moda diseinatzaile ospetsuaren lanak hartu beharko dituzte oinarri beren interpretazio propioa eskaintzeko.

Sortze prozesuan zehar, Paco Peregrin ikus-arteetan aditu denaren eta Gabriel Azkoitia moda aholkulariaren laguntza izango dute, eta ikastaroan burututako obra onenak ikusgai jarriko dituzte Cristobal Balenciaga Museoan beronen amaieran.