Arte Eszenikoen 'Zurrunbilo' jaialdia abiatuko da bihar Gasteizen

Arte Eszenikoen 'Zurrunbilo' jaialdia abiatuko da bihar Gasteizen Formol Laborategiaren 'Album' eta Atx Teatroaren 'Balbea' antzezlanak izango dira Baratza aretoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arte-eszenikoen-zurrunbilo-jaialdia-abiatuko-da-bihar-gasteizen/@@download/image/ALBUM_1-1024x1536.jpg
2022/09/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Formol Laborategiaren 'Album' eta Atx Teatroaren 'Balbea' antzezlanak izango dira Baratza aretoan.
Arte Eszenikoen 'Zurrunbilo' jaialdia abiatuko da bihar Gasteizen

Parasite Kolektiboak eta Baratza aretoak antolatutako Zurrunbilo jaialdiaren zazpigarren edizioa bihar hasiko da eta igandera arte iraungo du. Formol Laborategia konpainiaren Album antzezlana izango da jaialdia irekiko duena. Millennial belaunaldiaren ezaugarriak eta haien artean sortzen diren kontraesanak taularatuko dituzte. Intza Alkain eta Mikel Ibarguren dira antzezlaneko aktoreak, eta Edurne Azkaratek zuzendu du obra. 

Larunbatean, berriz, Kamikaze Gaua izango da. Esperimentaziorako sortutako ekimena da Kamikaze. Oier Guillanen testu batetik abiatuta, eta dekalogo bat betez, diziplina guztietako artistei sormen proposamena egin zitzaien. Horietatik lau hautatu zituzten eta berau garatu eta gauzatzeko laguntza ekonomikoa eman zitzaien, baita Baratza aretoan egonaldia egiteko aukera ere. Lan horiek ikusteko aukera izango da larunbat gauean.

Igandean, ATX Teatro konpainiaren Balbea lana estreinatuko da. Heriotzari buruzkoa da Iñaki Ziarrustaren laugarren bakarrizketa:  "Egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina prest al gaude hiltzeko? Ez edozein modutan, ez".

Gainera, Ikusle kluba egingo da larunbatean, 18:00etan, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan. Publikoarekiko harreman-bide berriak aztertzeko gune bat eskaini, hausnarketa eragin eta arte eszeniko garaikideetara hurbiltzeko bide berriak ireki nahi ditu saioak. Sarrera doakoa da, baina erreserbatu egin behar da reservas@salabaratza.com helbide elektronikoan.