Arte eszenikoen landa inguruneko jaia gaur abiatuko da Zigoitian
Panta Rhei antzerki konpainiak antolatzen duen Festikale Landa Inguruneko Arteen IX. Jaia gaurtik igandera izango da martxan, askotariko diziplina artistikoko lanekin. Urtero bezala, ikuskizun gehienak Bengolarra Parkeko txoko naturalean izango dira, baina pilotalekuan, Zigoitiko Kultur Etxeko antzokian, Artzegi Jatetxean eta Sarragoan ere izango da zertaz gozatu.
Natxo Arantegik inauguratuko du gaur jaialdia Bengolarra Parkean, 21:00etan. Ordubete geroago, Korterraza film laburren jaialdiaren goi mailako hautaketaren emanaldia egingo dute bertan.
Bihar, berriz, Moving Compass konpainiaren A Barca do Inferno antzezlana, Mircromina taldearen Oporrak itsasoan txotxongiloen antzerkia eta Silberius de Ura konpainiaren NeØnymus: urrunera bidaia kontzertua aurkeztuko dituzte.

Larunbatean honako ikuskizun hauek izango dira: Galiot Teatre konpainiaren Giravuelta títeres instalazio interaktiboa; Mircromina taldearen Raio the loubican txotxongiloen antzerkia; Leo Bassi pailazo, aktore, komiko eta zirku artista italiarraren 70 urte: Leo Bassi antzezlana, eta Harrobi Dantza Bertikala taldearen Harria Herria dantza ikuskizuna.

Azkenik, igandean, bluegrass, blues, folk rock eta country rock soinuak eskainiko ditu The Sorry String Band talde gasteiztarrak, 13:00etan, Artzegi Jatetxean.
Sarrerak Festikale jaialdiaren webgunean eskura daitezke.

