Arte eszenikoak sortzeko egonaldi-beka Getxon

Getxoko Kultur Etxeak arte eszenikoak sortzeko Juana Bizkarra izeneko lehen egonaldi-beka deitu du, konpainia profesional sendotu zein sortu berrientzat, getxotar askoren seme-alabak hezi eta hazi zituzten bertoko umezaintzaile getxotarren omenez. Egonaldiaren helburua euskal kultura sektoreari laguntzea da, arte eszenikoak ekoizteko eta muntatzeko espazioa, baliabideak eta diru-hornidura erraztuz eta, aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbiltzea, kulturako ezagutza, esperientzia eta partehartzea hobetzeko.
Arte eszenikoen barruan lan egiten duen edozein pertsona juridikok jaso ahal izango du beka, hala nola antzerki, dantza, txotxongilo eta zirku-konpainiek. Egonaldiaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, eta antzezlan bat, koreografikoa, eszenikoa edo performatiboa ekoitzi eta muntatzeko erabili ahal izango da. Egonaldian konpainiak berak aurkeztutako bitartekaritza-plana aurrera eraman beharko du, eta gutxienez hiru topaketa egingo dira Getxoko herritarrekin edo bertako kolektibo jakin batzuekin.
Aukeratutako proiektua gauzatzeko epea lau astekoa izango da, irailaren 27tik urriaren 20ra bitartean. Egonaldia Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresu Zentroan izango da, eta aurre-estreinaldiko bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki batekin amaitu beharko da urrian.
Eskaerak abuztuaren 7ra arte egin daitezke modu telematikoan Getxoko Udalaren webgunean. Bekaren inguruko xehetasunak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa gune berean dago kontsultagai.