Art Fight: artea partekatzeko mundu mailako jokoa

Jokoaren izenean borrokaren kontzeptua agertzen bada ere, artistak haien artea elkarren artean partekatzeko abagunea eskaintzen du Art Fight-ek. Urtero egiten dute jokoa, uztailean, eta parte hartzeko webgunean erresgistratu behar izaten da. Antolatzaileek gaiaren arabera zehaztutako bi taldetan banatzen dituzte partaideak, aliritzira.
Jokalariek beste taldekoei "eraso" egiten diete haietako batek sortutako jatorrizko pertsonaien inguruko artea eginez. Ia edozein formatu erabil daiteke. Erasoa jasotzen duen artistak erasotzailearen pertsonaia marraztuz egin diezaioke aurre, edo talde bereko beste pertsona bat hauta dezake erasotzeko.
Eraso bakoitzean beste taldearentzat sortutakoaren arabera irabaziko ditu puntuak talde bakoitzak. Uztailaren amaieran, puntu gehien lortu dituen taldeak irabaziko du. Antolatzaileek gogorarazten duten bezala, "benetako helburua gainerako artista kideekin pertsonaiak ospatzea" izaten da. "Art Fight artea eman eta jasotzeko da", nabarmendu dute.
Uztailaren 1ean hasiko da aurtengo edizioa, Euskal Herrian 20:00ak direnean. Aurrez, ekainaren 22an iragarriko dute gaia zein izango den. Zuzenekoa egingo dute Youtube kontuan, arratsaldeko lauretatik hamarretara, eta amaieran erakutsiko dute taldeen animazioa. Streaming-aren ondoren webgunean emango dute horren berri eta Youtuben zintzilikatuko dute animazioa.
Bien bitartean, norberaren pertsonaiak eguneratu, besteen pertsonaiei laster-marka egin eta erreferentziak topatzeko gonbita egin diete parte hartuko duten artistei.
Parte hartzeko asmorik izanez gero, hemen dituzu arauak.