Arropa erosteaz lotsatuta? 'Köpskam'-a duzu

Arropa erosteaz lotsatuta? 'Köpskam'-a duzu Suediarrek termino berria asmatu dute modaren kontsumismo basatiari aurre egiteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arropa-erosteaz-lotsatuta-kopskam-a-duzu/@@download/image/hgfdsfdg.jpg
2019/10/02
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Suediarrek termino berria asmatu dute modaren kontsumismo basatiari aurre egiteko.
Arropa erosteaz lotsatuta? 'Köpskam'-a duzu

Ingurunearekiko kezka geroz eta gehiago zabaldu da, eta kontsumo basatiari planto egiteko unea iritsi zaigu. Hala, badirudi fast fashion-aren azkenetan gaudela; Forever 21 nerabeentzako arropa marka estatubatuarra krisian sartu berri da gazteek ez dutelako erabilera bakarreko arropa erosten jarraitu nahi. Ohiturak aldatzen hasteko prest gaude, eta dagoeneko arropa dendetan sartu eta hamaika poltsarekin ateratzea lotsatzeko moduko jarrera da askorentzat. Hain zuzen, suediarrek izena jarri diote moda azkarra kontsumitzeko lotsari: Köpskam.

Berdea da beltz berria, eta dagoeneko arropa modu konpultsiboan erostea ez dago ondo ikusia. Hala, Köpskam hitza sare sozialetan zabaldu da, bigarren eskuko arropa eta urtetan irauteko materialak aldarrikatuz. Suediarrekin batera Erresuma Batuan beste joera bat jarri dute martxan: no-buy-year edo urtebetean arroparik ez erosteko erronka. Aldi berean, armairuan kabitu ezinik pilatzen dugun arropa maitatzeko gaitasuna lantzen hastea da ideia, eta etengabe gauza berriak estreinatzeko beharra zokoratzea. 

Köpskam edo arropa erosteko lotsarekin batera, suediarrek ekologismoa bultzatzeko beste termino batzuk ere asmatu dituzte, hala nola, flygskam edo hegazkinak hartzeko lotsa. Hain zuzen, bai modarena eta baita aireko garraioarena mundua kutsatzen duten bi industria garrantzitsuenetakoak dira. Hain zuzen, arropa eta zapaten industriak mundura isurtzen den CO2 guztiaren %10 eragiten du, eta kutsatutako uren %20. Europan, gehien kutsatzen duen sektorea da, petroleoarekin bat eginez. Argi dago; mundu honetan jarraitu nahi badugu arropak ezin du erabili eta botatzeko produktua izaten jarraitu.