Arriskuaren xarma

Arriskuaren xarma https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arriskuaren-xarma/@@download/image/16p20-1_1370460015.jpg
2002/02/01
erreportajea
Jende gehiena arriskua uxatzen ahalegintzen da eguneroko bizitzan. Batzuetan, ordea, egoera arriskutsuak bilatzen ditugu. Zergatik erakartzen gaitu arriskuak?

Denoi ez zaigu arriskua berdin gustatzen. Aisialdi gune batean "errusiar mendian" igotzea arriskutsua izan daiteke, baina ezin da inola ere konparatu. goma batetik zintzilik 30 metrotik behera erortzearekin. Zergatik gustatzen zaie batzuei hainbeste arriskua?

Adituen arabera, gakoa izaeran dago. Zenbait gizon-emakumek euren ahalmen fisikoa, psikikoa edo intelektuala muturreko egoeretara eramatea eta euren burua neurtzea atsegin dute. Mota guztietako teoriak ditugu honi buruz. Zientzilari batzuen esanetan, pertsona hauek, berez, lasaiagoak dira, euren nerbio sistema ez dago hain aktibatuta, eta hortaz, gauza berri bila ibiltzen dira. Aitzitik, beste pertsona batzuk urduriagoak dira, nerbio sistema oso aktibatuta dute eta horrexegatik, egoera lasaiagoak nahiago dituzte, bestela gehiegi urdurituko bailirateke.

Beste aditu batzuek diotenez, ugaztun gehienek ere egoera berriak bilatzen dituzte. Hori bai, espezie berean animalia batzuk beste batzuk baino ausartagoak izan ohi dira, hau da, gizakioen artean bezalaxe.

Izuak gozamena eragin dezake. Ia-ia denok noizbait egindako zerbait aipatzearren, errusiar menditik edo antzeko tramunkulu batetik jaitsi ondoren, ondo sentitu ohi gara, lasai-lasai. Gauza bera gertatzen da muturreko egoeretan. Bestelako ondorioak ere izaten dira. Muturreko egoerok, adibidez, gure burua hobeto ezagutzeko aukera ematen digute. Izan ere, aurrean zerbait berria dugunean, ez dakigu nola erantzungo ote dugun. Horrez gain, autoestimua igoarazi dezake: zerbait zaila egiten dugunean, mendi edo pareta bat igo adibidez, harro-harro ibiltzen gara, ezta?

Arrisku kirolak maite al dituzu?


Kayak-en ibili, arroilak jaitsi edo rappel-a egin nahi baduzu, adibidez, hona hemen Euskal Herrian mota honetako jarduerak antolatzen dituzten zenbait enpresen web orrialdeak. Haietako batzuetan informazioa euskaraz jasotzeko aukera izango duzu.
www.troka.com
www.ur2000.com
www.naturlan.es
www.urkankayak.com
www.bikeweb.org
www.marfilviajes.com