Arrigorriaga sudurgorria

Arrigorriaga sudurgorria Maiatzaren 5etik 7ra bitarte, bederatzi artista eta konpainia ezberdinek parte hartuko dute Arrigorriagako 22. Nazioarteko Klown eta Pailazo Jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2017/05/04
albiste-laburra
Maiatzaren 5etik 7ra bitarte, bederatzi artista eta konpainia ezberdinek parte hartuko dute Arrigorriagako 22. Nazioarteko Klown eta Pailazo Jaialdian.
Arrigorriaga sudurgorria

Erreferentziazko hitzordua da Arrigorriagakoa arte eszenikoen munduan diharduten profesionalentzat, bai eta publiko gisa kale-antzerkiarekin gozatzen duten guztientzat. Izan ere, esparru honetako nazioarteko izenak Euskal Herrira ekartzea lortzen duen jaialdi bat 22 urtez bizirautea ez da lorpen makala.

Hala ba, Bizkaiko herria sudurgorrien topaleku bilakatuko da, beste behin, asteburu honetan. Nazioarteko obren emanaldiak, tailerrak eta erakusketak, hiru eguneko zikloa borobiltzeko.

Egitarau osoa Sarean kontsulta daiteke, biana ondorengoak dira hitzordu aipagarrienak:

 

OSTIRALA, maiatzak 5

  • Circolabile konpainia italiarra: O como... cacahuete ikuskizuna, Stoppino malabarista protagonista duela.
  • Cristina Solé dantzariaren lehenengo bakarkako proposamena: Wet floor komedia dantza-saioa.

 

 

LARUNBATA, maiatzak 6

  •  Naoto Okada japoniarra: Yo-yoaren maisua, bi aldiz Japoniako txapelduna eta beste bitan mundu mailakoa. Yo-yoa jostailu hutsa baino gehiago dela erakusten du. Bere abiadurak, zehaztasunak eta erabateko sinkronizazioak aho zabalik uzten du publikoa.
  •  Duo Laos bikote argentinarra: Otros aires ikuskizunak Argentinako unibertsora bidaiatzera gonbidatzen ditu ikusleak. Akrobaziak, tangoa, rock latinamerikarra eta dantza klasikoa uztartzen dituen proposamena.
  • La banda del otro konpainia andaluziarra: Yee-Haw. Country, ragtime eta bluegrass estiloetan oinarritutako zirku-saioa. Ezinezkoa musikariak, malabaristak eta pailazoak bereiztea!

 

 

IGANDEA, maiatzak 7

 Eta Arrigorriagako 22. Nazioarteko Klown eta Pailazo Jaialdia ixteko... aurtengo hitzordu bereziena, bertakoa gainera!
Euskal zirku garaikideak berriki eman duen ale garrantzitsua da Lurrak ikuskizuna; lau akrobata, lau musiko eta klown baten arteko lankidetzatik sortua. Lantegi batean koka liteke obra, ziur aski Bilboko itsasadarrean tximiniak kea isuri eta isuri aritzen ziren garai hartan. Hainbat gatazkek sututa, iraultza abiatuko dute langileek... Euskal lurrean sortutako lana da beraz, publiko unibertsalarentzat pentsatua.