Arraunetaraino gaude!

Arraunetaraino gaude! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arraunetaraino-gaude/@@download/image/2011107246unai__1361231509.jpg
2011/10/07
erreportajea
Unai Elizasu
Arraun denboraldiko lehen egunaz akordatzen naiz. 1200 abdominal inguru, 400 lunbar eta 45 minutu korrika egiteko agindua genuen aldagelako arbelan idatzita. Biharamuneko gihar-minekin ere akodatzen naiz, hori ez zen arbelean ageri baina!


Entrenamenduen bosgarren egunerako jada, trainerua uretaratu genuen. 20 minutuko hiru “bueltaxka” eman genituen. Ipurdiko zauria, esku ahurrak azal gorritzen. Eta horrelaxe, asteetan, hilebeteetan... orain gutxi arte. Aste gutxi dira, arraun arropak armairuko azken kaxoian gorde ditugula. Gorde ditugu espagetiak, oilasko bularrak, eta jatearen plazeraz tripako txokolatea urtuz doa.
Arrauna maite dugu, arraun egitea gustoko dugu, arraunlarion artean sortzen den giroa, konplizitatea, errespetua maite dugu... arraunlari on eta lagun hobeak sortzen direlako paladaz palada.

Ontzia azkar ibil dadin ahalegin gorena egiten dugu... nola hobetu, nola indartsuago egon...

Tamalez, watioekin, minutuekin, kiloekin eta halako neurgailuekin, itsututa egon gara. Itsutu egin gaituzte. Itsuak garela sinistarazi digute.

Baina, bada ordua arraunaren etorkizunaz hitz egiteko. Arraunlariok, gure egunerokoaz gain, premia dugu arraunaz hitz egiteko. Arraunlariok behar dugu, arraunak behar du. Arraunetaraino (hankartekoraino) gaudelako arraunaren inguruan hitz egiten diren friki(keri)ez! Arraunetaraino (hankartekoraino) gaudelako, kirol honen aitzakian, telebista orduak kirol kontuetatik kanpo eramaten dutenekin (horretarako bide ematen dutenekin ere bai).

Kirol honen duintasuna, kirol honen irudia hobetu nahi dugu arraunlariok. Behingoagatik, kirola egin nahi dugu; eta kirolak, eta kirolariak bete behar ditu egunkarietako eta aldizkarietako orriak, telebistako irudiak eta irratietako orduak. Hasi gara arraunlariok batzen. Hasi gara arraunlarion eta arraunaren etorkizunaz hizketan.

Gure kirola bestelako esparruentzako oso irudi metaforikoa izan ohi da. Zenbat publizitate kartel, spot, diskurso politikotan... “denok batera eta zentzu berean egin behar dugu arraun”. Talde lana, elkar lana... bla bla bla... besteentzat bai, baina guk?

Arraunlariok, hasi gaitezen arraunean... baina lehorrean!