Arraun istorikoak

Arraun istorikoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arraun-istorikoak/@@download/image/22p32-1.jpg
2002/09/06
erreportajea
Arraun istorikoak
Irailean Kontxako Bandera jokatuko da. Estropada hauek Kantauri itsasoko garrantzitsuenak dira, eta 1879an egiten hasi zirenetik hona hamaika pasadizo bitxi utzi dituzte. Hona hemen haietako batzuk.

Donostiatik Oriora oinez traineru bila
1891n, Kontxa aurretik egindako estropadetan, Orio ez zen oso fin ibili eta traineruaren aitzakia jarri zuen. Donostiarrek, berriz, ez zuten Kontxan aritzeko gustuko untzirik topatu, eta oriotarrek beraiena eskaini zieten. Garai hartan ez zen ia autorik edo trenik. Beraz, Kontxako estropada bezperan, Donostiako laupabost arraunlari oinez joan ziren Oriora traineru bila eta arraun eginez egin zuten buelta. Biharamunean, Donostia nagusitu zen oriotarren untziarekin.

Traineru ordez, balandroak

1902tik 1908ra Donostiako Udalak iraileko traineru estropadak bertan behera utzi eta balandroen arteko lehiak antolatu zituen. Izan ere, udal agintarien ustez, traineru estropadak zabarrak eta zarpailen kontua ziren. Antza, donostiarrek ez zuten erabakia gustukoegi izan, eta 1909an berriro ere traineruak itsasoratu ziren.

Oriotarrak eta donostiarrak elkarri mokoka

1915eko bandera Donostiak irabazi zuen, eta Orio hirugarren izan zen. Donostiarrek, oriotarrei adarra jotzearren, hilkutxa moduko baten gainean zaku bat kandelez inguratuta jarri eta beraien "ehorzketa" antzeztu zuten. Hurrengo urtean, aldiz, Orio gailendu zen Kontxan, eta "arranotxoek" mendekua hartu zuten: Aquarium parean zeudela, eta Donostiako traineruarekin alde handia zutela ikusita, Orioko bi arraunlari zutitu, atzealdera begira jarri eta saltoka hasi ziren. Diotenez, egun hartan donostiarrak eta oriotarrak muturka aritu ziren Portaletan.

Traineru zaharrarekin nagusi

1921ean oriotarrak arraunean hurbildu ziren Kontxako estropadetara eta bidean, getariarrekin topo egin omen zuten. Haiek trainerua atoian zeramaten, bapore bati lotuta, eta oriotarrei barre egin zieten, ea nora zihoazen trainerutzar harekin. Igande hartan Oriok irabazi zuen eta Getaria, aldiz, azkena izan zen.

Orio hondoratu zenekoa

1935ean Oriok oso traineru arina eraman zuen Kontxara. San Pedrokoek protesta egin zuten, untzia arinegia zelakoan, baina hala ere, estropada jokatzea erabaki zuten. Izan ere, egun hartan itsaso zakarra zegoen eta san pedrotarren ustez, oriotarrek arazoak izango zituzten. Lehen txandan San Pedro izan zen garaile. Bigarrenean Orio hondoratu zen. Zurrumurruen arabera, oriotarrek beraiek hondaratu zuten untzia, pasaitarrei irabaztea ezinezkoa izango zela ikusita.

Zalantzaz beteriko garaipena

1941eko lehen estropada egunean Hondarribiak irabazi zuen eta hiru segunduko aldea kendu zion Pasai Donibaneri. Bigarrenean, aldiz, Donibane Hondarribia baino segundu bat pasatxo lehenago iritsi zen helmugara. Sanjuandarren ustez, ordea, bigarren jardunaldi hartan kronometratzaileek gaizki hartu zituzten denborak; beraiek hondarribitarrei zazpi segundu kendu zizkietela zioten. Antza, Hondarribiko itsas komandantea kronometratzaileekin zegoen eta trikimailua egin zuen. Agirre Hondarribiako patroiak berak ere aitortu zuenez, emaitza ez zen oso zuzena izan.

Aita Manuel handia



Manuel Arrillaga “Aita Manuel” sanpedrotarra Kontxako patroirik handiena izan da, bederatzi bandera eskuratu zituen eta. Lehenengoa 1917an lortu zuen eta azkeneakoa, 1935ean. Bere agindupean, “Aita Sanpedrokua” traineruak sei bandera irabazi zituen jarraian, 1927tik 1932ra bitartean. Errekor hori ez du orain arte inork hautsi. Aita Manuel mitikoaren ondoren, bandera gehien irabazitako bigarren patroia Altxerri oriotarra da.

Bandera gehien irabazitakoak


Orio         30
San Pedro
         13
Donostia         12
Pasai Donibane
         8
Hondarribia         8
Kaiku
         4
Pedreña
         4