Arrasateko Oreixe Akustikoa musika zikloak sei emanaldi izango ditu, irailaren 6tik 15era
Arrasateko Oreixe akustikoak zuzeneko musika emanaldien XVI. edizioa irailaren 6tik 15era izango da, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean.
Irailaren 6an, 19:30ean, Valentziako Yo Diablo bikotea arituko da, eta hurrengo egunean, berriz, Ekhi Lambert. Inbasioak bere bakarkako bigarren diskoko kantuak aurkeztuko ditu Lambertek, beste musikari batzuez lagunduta.

Habia taldea arituko da irailaren 8an, eta Las Nietas de Charli irailaren 13an. Arrasaten sortutako Erromintxelak swing taldeak joko du irailaren 14an, eta hurrengo egunean Karmento igoko da oholtzara. Karmentok La Serrana disko berriko kantuak eskainiko ditu, besteak beste.
Emanaldi bakoitzerako sarrerak https://amaiaarrasate.janto.es/ helbidean eros daitezke, bost euroan, eta egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, emanaldi bakoitzaren aurretik, leihatilan.
