Arraldeko gaztetxoak kozkortzen hasiak

Arraldeko gaztetxoak kozkortzen hasiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arraldeko-gaztetxoak-kozkortzen-hasiak/@@download/image/7p38-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ohiana Prado
Arraldeko gaztetxoak kozkortzen hasiak
Goenkaleko gazteak Arraldetik alde egin eta Donostiara abiatu dira goi mailako ikasketak egitera. Bertan, beste bost lagunekin elkartu eta guztira, hamar laguneko koadrila osatu dute. Bizitzako etaparik ederrenetarikoan hasi berriak dira. "Hasiberriak" da, ETB1 egunotan eskaintzen hasi den telesaila.

Jabier Bikuña "Hasiberriak" telesaileko zuzendaria da. Bere iritziz, saioa egungo euskal gazteriaren isla da. "Telesaila ez da komedia, gazteen arazoak erakustea du helburu", dio Bikuñak. Beraz, gurasoen begitartetik at dauden gazte hauen bitartez hainbat gai landuko dira, hala nola, droga mundua, maitasuna, homosexualitatea, Erasmus bidezko ikasketak...
"Hasiberriak" "Goenkale" telesailaren "spin off" bat da. "Jende askok jarraitu ditu Goenkaleko gazteen kontuak, eta hori ikusita, beste telesail bat egitea erabaki genuen", dio Bikuñak.  Dena den, proiektua ez da hain berria, "aspaldidanik hutsunea zegoen telebista eskaintzan, eta orain proiektua aurrera eramateko une egokia dela uste dugu", adierazi du zuzendariak.
Marka pertsonala
Gazteriaren inguruko telesailak ez dira atzokoak. Are gehiago, Espainiako edo Frantziako telebista kate gehienek honelako produktuak sartu dituzte beren programazioetan. Batzuek arrakasta handia lortu dute. Beraz, zaila da zerbait desberdina egitea. Hala ere, "gure marka pertsonala bilatu nahi dugu", dio Bikuñak. Honako hau gazteak protagonista dituen Euskal Herrian eta euskaraz egindako lehen telesaila da. Hasiberriak ETB1-ean izango da ikusgai eta emisioak apirilaren 2an hastekoak dira.

Aintzane Gamiz



"Elene"
Adina: 19 urte
Jaioterria: Legazpia
Pertsonaia: Elene gaiztoa, bekaiztia eta harroa da. Zuzenbidea ikasten ari da eta ikasle egoitza batean bizi da. Bere lo-gelakidea Olga da. Olga da Elenerekin ondo moldatzen den bakarra. Eleneren helburua, Jokin berarekin maitemintzea da.


Koldo Balentziaga



"Galder"
Adina: 20 urte
Jaioterria: Oiartzun
Pertsonaia: Galderrek kezka bakarra du buruan, neskak. Ordenadorezale amorratua da eta diseinua ikasten ari da. Ikasle egoitzan Julenekin bizi da eta Jokinen etsaia da, Julenengan eragin txarra duela uste du eta. Bere lagunen laguna da eta telesaileko pertsonaia "zintzoena". Hotza da, buruari baino ez dio kasu egiten, eta oso argi omen du zer den ona eta zer txarra.


Judit Mariezkurrena



"Olga"
Adina: 22 urte
Jaioterria: Donostia
Pertsonaia: Oso alaia da eta laguntzeko prest dago beti. Olga, hala ere, xaloa da, orain arte ez baita herritik atera. Arazoak bere golkorako gordetzen ditu eta oso zuhurra da. Elenekin bizi da ikasle egoitzan eta psikologia ikasten ari da. Oso ondo konpontzen da pertsonaia guztiekin, baina dena den, telesailak aurrera egin ahala, bere izaera aldatu egingo da.


Gorka Igartua



"Guti"
Adina: 21 urte
Jaioterria: Ezkio-Itsaso
Pertsonaia: Rock munduan sartu nahi du, bere ametsa musika talde bat sortzea baita. Horrexegatik, disketxeetara maketa ugari bidali ohi ditu. Ez da ikasten ari eta hasieran kalean biziko da. Geroago taberna batean hasiko da lanean. Guti bihotz onekoa da,  baina hala ere, nahi gabe, ika-mika eta arazo askotan sartu ohi da.


Saioa Garcia



"Itzi"
Adina: 22 urte
Jaioterria: Bilbo
Pertsonaia: Sentibera eta xaloa. Alaia izan arren, besteen menpeko ikusten du bere burua. Olgarekin ibiltzen da. Itzirentzat Olga eredua da, beti gainontzekoengan ereduak bilatu behar ditu eta. Donostian gurasoekin bizi da, baina dena den, ez du harreman esturik beraiekin.


Manex Rekarte



"Julen"
Adina: 22 urte
Jaioterria: Caracas
Pertsonaia: Donostiara iritsi berria da eta denetarik probatu behar du; txirriak, neska kontuak eta abar. Bere gurasoak dirudunak izateaz gain, oso babesleak dira, eta orain beraien zaintzapetik ihes egin du. Bohemioa da eta konbentzitzen erraza. Bere lagunak Jokin eta Galder dira, baina erdibidean egon behar du beti, haiek gaizki konpontzen direlako. Teresa da bere neska. Hala ere, Donostiara iritsitakoan, biek norabide bana hartu dute.