Arraldeko gazte koadrila

Arraldeko gazte koadrila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arraldeko-gazte-koadrila/@@download/image/2010729627goenkale_Loreto.jpg
2010/07/02
elkarrizketa
Raul Perez
Goenkale 3.000 kapitulua iristear da: hilaren 5ean emango dute. Zatoz Arraldera, aktore gazteetako batzuk gertutik ezagutzera. 

Joana, Neda, Kevin, Itsaso eta Tximista. Hots, Loreto Mauleon, Fariba Sheikhan, Asier Oruesagasti, Maria Cruickshank eta Joseba Usabiaga, hurrenez hurren. Arraldeko istorioetako protagonistetako batzuk dira. Nor bere buruari eta baita bere pertsonaiari buruz mintzatu zaigu.

Joseba Usabiagak du eskarmentu handiena. 28 urteko tolosarra eskolan igo zen aurreneko aldiz oholtzara; Poxpolo, Mokolo eta konpainia taldearekin bat egin zuen ondoren, eta duela bederatzi urtetik dabil Goenkalen. “Tximista beren lagunen laguna da, maitagarria eta neutrala; ez zaio gustatzen arazoetan sartzea”. Hitz horiekin azaldu du bere pertsonaia, Atxuriko tabernari atsegina.

Asier Oruesagastik Kevinen rola jokatzen du. 24 urteko donostiarra Zurriola Antzeki Eskolan hasi zen, TAE taldean egin zuen beste urrats bat eta Ander eta konpainia telesailean egin zuen debuta. Balbemendin lan txikia egin ondoren, Goenkalen aritzeko aukera iritsi zitzaion. Nolakoa da Kevin? “Erreformatorio batean egon zen lapurretengatik, baina orain ez da horren makarra. Lagunen oso laguna da; edozer egiteko prest dago haien mesedetan. Hala ere, bere printzipioak baditu eta horiek defendatzen ditu kosta ahala kosta”. Zineman aritzeko aukera bat baino gehiago izan du jada Oruesagastik: Skizo, La Casa de mi Padre eta La Maquina de Pintar Nubes pelikuletan parte hartu du. Antzerkian ere badabil, eta Dar-dar konpainiaren Etzi antzezlanean ikusi ahal izango dugu datozen hilabeteotan.

Itsaso bihurriaren larruan ari da Maria Cruickshank oñatiarra. Gasteizen, Bilbon, Barakaldon eta Donostian trebatu da aktore lanetan eta bi urte daramatza Goenkalen. Unean unekoa gozatu nahi du Itsasok: “Carpe Diem-a da bere leloa, eta ez du ondorioetan pentsatzen. Beti dago ondokoari laguntzeko prest eta Kubatik datorrenez, beste jokabide bat du mutilekin, liberalagoa da nolabait”.

Loreto Mauleon eta Fariba Sheikhan izan dira Arraldera iristen azkenetakoak. 
Batak zein besteak lehen denboraldia bukatu berri dute. Loreto Mauleon donostiarra, Asier Oruesagasti bezala, Zurriola Antzerki Eskolan hasi zen, eta La Maquina de Pintar Nubes filmean lan egin zuen joan den urtean. “Joana pertsonaia matxinoa da. Dibertigarria zait, ez duelako inondik inora bat egiten nire izaerarekin”. Fariba Sheikhan gernikarrak Sevillan eta Madrilen ikasi du oholtza gainean eta kamera aurrean lan egiteko. Baita flamenkoa dantzatzeko ere. After pelikulan parte hartu zuen 2009an eta Goenkalen Neda “kementsu eta sentikorraren” larruan ari da. Ama iraniarra du Faribak, eta bere pertsonaia bezalaxe. Bost pertsona, bost pertsonaia. Zer gertatuko da Joana, Tximista, Kevin, Neda eta Itsasorekin? Uda ostera arte itxaron beharko dugu zalantzak uxatzeko.