Arrail orgasmikoa zer den badakizu?

Arrail orgasmikoa zer den badakizu? Pasa den abuztuaren 8an Orgasmo Femeninoaren Nazioarteko Eguna izan zen. Eta norbaitek galdetuko du: zertarako behar da horrelako egun bat? Noizko "irgismi miskiliniaren" egun bat? Bada dirudienez, plazerean ere, bizitzako beste esparru guztietan bezala, desberdinkeriak daudelako. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arrail-orgasmikoa-zer-den-badakizu/@@download/image/isa-muguruza-1565176679.jpg
2021/08/10

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Pasa den abuztuaren 8an Orgasmo Femeninoaren Nazioarteko Eguna izan zen. Eta norbaitek galdetuko du: zertarako behar da horrelako egun bat? Noizko "irgismi miskiliniaren" egun bat? Bada dirudienez, plazerean ere, bizitzako beste esparru guztietan bezala, desberdinkeriak daudelako.
Arrail orgasmikoa zer den badakizu?

Baina has gaitezen hasieratik. Zer arraio da arrail orgasmikoa? Archives of Sexual Behavior deitutako ikerketa garrantzitsu batek genero ezberdinetako pertsona zisgeneroek izan ohi dituzten orgasmo portzentaiak aztertu ditu eta baita zerrenda bat osatu ere euren orientazio sexualaren arabera:

-Lehen lekuan daude gizonezko heterosexualak, orgasmoa eskuratzen dute %95eko portzentaiarekin.
-Bigarren lekuan: Gizonezko homosexualak %89ko portzentaiarekin. 
-Hirugarren lekuan: Gizonezko bisexualak %88ko portzentaiarekin. 
-Laugarren lekuan: Emakumezko lesbianak %86ko portzentaiarekin.
-Bosgarren lekuan: Emakumezko bisexualak %66ko portzentaiarekin.
-Seigarren eta azken postuan: Emakumezko heterosexualak %65eko portzentaiarekin. 

A zer ezustekoa, ezta? Identitate errealitateak albo batera utzita, ikerketa ez baita horretan sartzen, pertsona zisgeneroen datuak soilik hartzen baititu kontuan, lehen begiratuan argi geratzen da existitzen den arraila orgasmikoa, batez ere, harreman sexualak gizonezko eta emakumezko baten artean direnean. Ikerketak gainera, aipatzen du masturbatzeko orduan ez dagoela ezberdintasunik, emakumezko zein gizonezkoek, eurak masturbatzen direnean orgasmoa maiztasun berdinarekin eskuratzen dutela. 

Argi dago, harreman sexualak gizonezkoen plazerean mendeetan zehar erdiratzeak ez duela batere lagundu datu hauetan. Orain dela gutxira arte sexua koitora mugatzen zen soilik gainera. Eta noski, gizonezko batek orgasmoa eskuratzen bazuen, hortxe bukatzen zen guztia. Horretaz gain, emakumearen anatomiaren ezjakintasuna zegoen eta dago oraindik ere. Ba al zenekien klitoria plazera emateko soilik existitzen den organo bakarra dela? 

Zergatik ahazten dira beraz, harreman sexualetan klitoriaz horrenbesteko maiztasunez? Eskerrak, egun, askoren lanagatik hau aldatzen ari dela. Emakume askorengan joera aldaketa nabaritzen hasi da, norberaren plazera eta desirak erdigunean jarriz. Horretarako, hasteko norbere gorputza ezagutzea ezinbestekoa da. Ukitu zaitezte, jakiteko non ukitzea gustatzen zaizuen eta nola, ondoren, harremanak bestearekin izaterakoan besteari komunikatu ahal izateko. Azken hau ere benetan da garrantzitsua, harreman guztien funtsa izan behar luke komunikazioak, besteak guri plazera eman diezagun eta baita guk besteari ere. Beraz, autoezagutu, komunikatu eta gozatu!