Golf pilotak arrainak elikatzeko

Elitista izateari utzi ez dion kirola da golfa, baina batzuek kontzientzia ekologikoa garatu dute; horregatik, Bartzelonako Albert Buscató golf jokalariak pilota ekologikoak sortzea erabaki du.
Eta nolakoak dira pilota horiek? Buscatók diseinatutako pilotek jangarria den nukleoa dute, eta uretan disolbatzean, arrainentzat janari bihurtzen dira. Proiektuak arrakasta izan du, eta dagoeneko 750 mila pilota inguru saldu ditu; soilik azken urtean, 160 mila saldu zituen. Erosle gehienak estatu batuarrak dira, tartean, Virgin enpresako Richard Branson. Ohiko golf pilotak baino merkeagoak dira, baina hori bai, bat edo bi aldiko erabilera du soilik, bakoitzaren drive-aren arabera!