Aroa Fernandezek irabazi du Euskal Autore Emakumeentzako Film Laburren I. Gidoi lehiaketa

Euskadiko Gidoigileen Elkarteak antolatzen duen Euskal Autore Emakumeentzako Film Laburren I. Gidoi Lehiaketan irabazle hautatu dute Aroa Fernandez gidoigile aiarra. Fernandezek 600 euroko saria eta garaikurra jaso ditu Helduak gara komedia dramatiko garaikideagatik. Tamara Lucariniren El hombre efeméride eta Oihane Oyarzabalen Dani the girl izan dira proiektu finalistak.
Maider Oleagak, Olatz Beobidek eta Tamara Garciak osatutako epaimahaiak lehiaketan parte hartutako proiektuen "maila altua" nabarmendu du. Gainera, jasotako proiektuek "gai eta genero ugari" jorratzen dituztela jakinarazi dute, "proposamen narratiboetan aniztasun aberatsa erakutsiz".
Proiektu irabazleari dagokionez, Helduak gara lanaren "idazketaren kalitatea, elkarrizketa bikainak, irakurleak historiarekin duen lotura emozionala, gaiaren gaurkotasuna eta bere sinpletasuna" azpimarratu dituzte.
Hauxe da Helduak gara film laburraren sinopsia: "Miren eta Xabi elkarrekin esnatzen dira azkenaren etxean gaua elkarrekin igaro ondoren. Biek geratu nahi dute, baina presio sozialen ondorioz, Xabik alde egitea nahi duela uste du Mirenek, eta Xabik, berriz, Mirenek alde egitea nahiago duela uste du. Hala ere, bietako inork ez du benetan elkarrengandik banandu nahi. Benetako desirak adierazi beharrean, besteak bere ustetan beraietaz espero dutenaren arabera jokatuko dute".
Aroa Fernandez (Aia, 1998) zuzendaria eta gidoigilea da. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta zuzendaritza zinematografikoan espezializatu zen Instituto del Cine Madrid-en. Gaur egun, Aukeran (Hemen) dago, emakumeek sortutako film laburren proiektuetarako mentoria-programan, Itsas-epel proiektuarekin.