Arnasguneak sormen beka irabazitako 'Intxaurrak' antzezlana estreinatuko dute bihar

Arnasguneak sormen beka irabazitako 'Intxaurrak' antzezlana estreinatuko dute bihar Azpeitiko Antzerki Topaketetan taularatuko dute bihar arratsaldean, eta laster hasiko dute herriz herriko bira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arnasguneak-sormen-beka-irabazitako-intxaurrak-antzezlana-estreinatuko-dute-bihar/@@download/image/p006_f01-1536x1025.jpg
2022/11/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Azpeitiko Antzerki Topaketetan taularatuko dute bihar arratsaldean, eta laster hasiko dute herriz herriko bira.
Arnasguneak sormen beka irabazitako 'Intxaurrak' antzezlana estreinatuko dute bihar

Mairu antzerki tailerrak Intxaurra antzezlana estreinatuko du bihar, ostirala, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, 19:00etan, Soreasu antzokian. Lan honek Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen iazko abenduan, eta antzezlana prestatzeko egonaldia Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean egin dute. 

Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, "enborra biziberritzearen beharra" islatzen du Intxaurra antzezlanak, "gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten". Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena.

Honela azaldu dute antzezlanaren nondik norakoa: "Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan”.

Mairu antzerki taldeko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch aritu da zuzendaritza lanetan. Sarasolaren hitzetan, antzezlana ikusten dutenek "hunkitzeko, irri egiteko edota hausnartzeko” aukera izango dute. Publikoaren harrera nolakoa izango den jakiteko gogotsu daude: "UEMAko herrietan eta beste batzuetan lan hau eskaintzeko aukera izanen dugu, eta badugu gogo berezi bat nola hartuko ote duten ikusteko. Identifikatuak sentituko ote diren; interpelatuak nolabait ere. Ea horrela den".

Herriz herriko bira
Azpeitiko estreinaldiaren ondotik, herriz herri egingo dituzte emanaldiak. Honako hitzordu hauek lotu dituzte oraingoz: abenduaren 3an, Iruritan; abenduaren 4an, Markina-Xemeinen; abenduaren 8an, Abaltzisketan; abenduaren 10ean, Lesakan; abenduaren 30ean, Aramaion; eta otsailaren 12an, Oñatin.