'Arnasetik' sormen lehiaketako sariak banatu dituzte

'Arnasetik' sormen lehiaketako sariak banatu dituzte Laurogeita hemeretzi lan jaso dira eta Azpeitia, Leitza, Idiazabal, Zarautz eta Berako gazteak izan dira irabazleak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arnasetik-sormen-lehiaketako-sariak-banatu-dituzte/@@download/image/R012353-1536x864.jpg
2022/11/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Laurogeita hemeretzi lan jaso dira eta Azpeitia, Leitza, Idiazabal, Zarautz eta Berako gazteak izan dira irabazleak.
'Arnasetik' sormen lehiaketako sariak banatu dituzte

Euskararen arnasguneek hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruko lehiaketa da Arnasetik. Irailean abiatu zuten bideosormen lehiaketa eta euskararen ezagutza eta erabilera maila osoa altuak dituzten arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere. Laurogeita hemeretzi lan aurkeztu dituzte guztira hiru kategoriatan. 

Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren ikasmailen kategorian, etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte beren sormen lanetan. Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira, eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagotara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Berrogei lan aurkeztu dira kategoria honetan eta Azpeitiako Karmelo Etxegarai ikastolako Pasabideko kontuek izan da irabazlea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailei dagokienez, nerabeek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan, Julen Portillo youtuber gaztearen saio bat eredu hartuta. Berrogeita hamabi lan aurkeztu dira eta bi lanen berdinketa izan denez, epaimahaiak saria erdibana ematea erabaki du. Leitzako Amazabal institutuko Naiara Juanikorena Mariezkurrenaren Ni naiz ni lana saritu dute batetik, haren freskotasunagatik, eta, bestetik, Idiazabalgo Sugaar Zapirain Larrañagaren Zer dira arnasguneak?, erakutsitako maila teknikoagatik. 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren dagokien kategorian, gaztetxoek emandako bideo bat osatu behar izan dute, bideoko protagonistaren galderei erantzunez. Zazpi lan jaso dira eta Zarauzko ikastolako Sormen tailerra izendatu dute garaile. 

Azkenik, publikoaren saria erabakitzeko mila lagun baino gehiagok eman dute bozka eta Berako Toki Ona Institutuko Minerva eta Mariloli lanak izan ditu boto gehien. 

Kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. 

Jasotako lan guztiak webgunean daude ikusgai.