Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan da

Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan da Udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduriko lehiaketa da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arnasetik-bideo-sormen-lehiaketaren-bigarren-edizioa-martxan-da/@@download/image/kategoriak-web-2048x1024.jpg
2023/09/15
Udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduriko lehiaketa da.
Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan da

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abiarazitako Arnasa Gara ekimenak euskararen arnasguneetako gazteei zuzendutako bideo-sormen lehiaketa abiatu du ikasturte honetan ere, hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragin nahian. Sormena pizteaz gain, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea du helburu lehiaketak.  Euskararen arnasguneetako ikastetxeetako zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako 10-16 urte arteko gazteek parte har dezakete, eta euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da egitekoa.

Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dituzte antolatzaileek. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara ikasi nahi duen norbaitentzat zergatik diren egokiak herri horiek. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira lanak.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Azkenik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek bideo bat sortu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz; zergatik gustatzen zaien idazle, bertsolari, musikari edo aktoreren bat, libururen bat, musika talderen bat, antzezlan bat, euskarazko film eta telesailen bat, eta antzekoak nabarmenduz.

2.000 euro banatuko dira guztira saritan. Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen saria izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Lanak aurkezteko epea urriaren 24an amaituko da, eta azaroaren 22an izango da sari banaketa ekitaldia Zarauzko Modelo aretoan.

Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean jaso dituzte.