Arnaldo Otegik jaso du II. Gaztezulo Saria

Arnaldo Otegik jaso du II. Gaztezulo Saria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arnaldo-otegik-jaso-du-ii-gaztezulo-saria/@@download/image/2012228579Arnaldo_familia.jpg
2012/12/13
berria
Iragan irailaz geroztik abendu amaierara bitarte GAZTEZULO.COM webguneko Eztabaidagunean irakurleek proposatutako izen guztien artean, Elgoibarko politikariak jaso ditu boto gehien. GAZTEZULOko kideak bere herrira, bere etxera hurbildu gara Arnaldo Otegiren aurpegi pribatua gehiago ezagutzera eta garaikurra senitartekoen eskuetan uztera. Logroñoko espetxetik, esker oneko hitzak igorri ditu berak. Bideo batean bildu dugu dena.


Urte honetan zehar egin duen ekarpena (edozein delarik ere bere alorra) kontuan hartuta, nork merezi du II. Gaztezulo Saria? Horixe luzatutako galdera.
2011ko irailaren 5etik abenduko azken eguneraino, Gaztezulo.eus webguneko Eztabaidagunean nahi zuen orok izan zuen aukera bere proposamena egiteko edota besteren batek aldez aurretik egindakoari boto bidez babesa emateko, baita iruzkinak uzteko ere.

Idazle, kirolari, musikari, dantzari, bertsolari eta besteren izen-abizenak izan dira baina, guztien artean, Arnaldo Otegi politikari elgoibartarrak jaso du babesik handiena. Besteak beste, "bakearen alde gizon honek adina" gutxik eman dutela aipatu dute bere alde egin dutenek.

Aurreneko aldian bezalaxe, Monica Tort zeramikariak landu du garaikurra eta, hau hartuta, sarituaren herrira abiatu gara GAZTEZULOko kideak, Arnaldo Otegiren alderdi ez publikoa gure irakurleei hurbiltzeko asmoz. Haren lagun, ezagun eta senitartekoen eskutik jakin dugu gehiago, eta haien eskuetan utzi dugu garaikurra, politikaria etxera itzultzen denean bertan topa dezan.

Guzti-guztia bideo batean jaso dugu.

I. Gaztezulo Saria: Gorka Urbizu



Gaztezulo Saria ekimena 2010ean jarri genuen martxan, GAZTEZULOren hamargarren urteurrenaren harira abiatutako beste hainbat konturen artean. Lehendabiziko hartan, Gorka Urbizu musikariak jaso zituen boto gehien, garaikurra eman genion eta Lekunberrin grabatutako bideoa argitaratu genuen lekukotza gisa. Ikusi bideoa hemen. 

Zozketa, proposamena egin dutenen artean



II. Gaztezulo Sari honetarako proposamenak egin zituzten harpidedun guztien artean Home Cinema bat zozkatu dugu eta, oraingoan, zoriak Lander Arbelaitz gaztearen alde egin du.
Zorionak! Eta gozatu oparia!