Arkitektura, hirigintza eta gizarte berrikuntza jaialdia Bilbon

Arkitektura, hirigintza eta gizarte berrikuntza jaialdia Bilbon Hitzaldiak, erakusketa, Logroñora txangoa, aurkezpenak eta musika izango dira, besteak beste, azaroaren 5etik 21era iraungo duen jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arkitektura-hirigintza-eta-gizarte-berrikuntza-jaialdia-bilbon/@@download/image/albiste irudi.png
2021/10/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hitzaldiak, erakusketa, Logroñora txangoa, aurkezpenak eta musika izango dira, besteak beste, azaroaren 5etik 21era iraungo duen jaialdian.
Arkitektura, hirigintza eta gizarte berrikuntza jaialdia Bilbon

Bilboko arkitektura, hirigintza eta gizarte berrikuntza jaialdia, URBANBATfest, egingo dute azaroaren 5etik 21era bitarte, Hiria, etxe eskasa lelopean. Ikaskuntza, esperimentazio eta sorkuntza kolektiboko ingurune bat sortzea izaten dute asmoa, hiri-berrikuntzako prozesuak bultzatzeko. Edizio bakoitzean, URBANBATfest-ek hiri-fenomeno garaikide baten ikerketan jartzen du arreta, jardunbide kulturalak eta artistikoak, arkitektura eta hirigintza, gizarte-zientziak eta kokatutako esperientziak gurutzatuz. "Gure ingurune hurbilenean eragiten ari diren hiri-fenomenoak behatuz eta entzute aktiboaren bidezko lan-metodologia bat tarteko, hiriak giza mailan diseinatzea ahalbidetuko diguten aukerak proposatzeko eta konponbideak lortzeko elkargunea da" jaialdia. Gainera, topagune horretan administrazio publikoak, gizarte-eragileek, kultura arloko eragileek, ekonomia-arloko eragileek, unibertsitateek, herritarrek… hartzen dute parte.

Azaroaren 5ean emango diote hasiera egitarauari irrati uhinetan barrena. Fluido Rosa musika eta sorkuntza plastikoaren inguruko irrati-aldizkaria da, Radio 3-tik igorria eta Rosa Pérez-ek aurkeztua. Irratsaio berezi honen uhinen jarioa hainbat gonbidaturen ahotsekin batera nahastuko dute. Radithor-ren musika-saio elektronikoa ere izango da. Sergio Riverak landutako pintxo berezien dastaketa ere egingo da inaugurazio egunean, jaialdiaren gaian oinarrituta. 

Azaroaren 6tik 21era Espazio Publikoko Europar Sarien lehen hamar edizioetako 28 obra nabarmenen erakusketa egingo dute, David Bravok komisariatua eta Bartzelonako Kultura Garaikide Zentroaren (CCCB) eskutik.  

Azaroaren 13an Hiria etxe bihurtu izeneko eztabaida egingo dute Josep Bohigas, Tonet Font eta Jaione Ortiz de Zaraterekin. Hurrengo bi egunetan, berriz, autobusez bi ibilbide egingo dituzte, Logroñotik Bilbora eta Bilbotik Logroñora joan-etorria. Bidaia honetan bi hirietako eta honen testuinguruetako arkitektura eta hirigintza harremanetan jarriko dituzte 136 km-ko ibilbidean zehar, hirietako espazioak habitatzeko moduei eragiten dieten gaiei erreparatuz. Gainera, bidean egingo dituzten geldialdietan ezustekoak izango direla aurreratu dute.

Azaroaren 18an Hacketxea mikro-aurkezpena antolatuko dute. Hainbat zentrotako ikasle eta irakasleak taldetan banatu dira hiria etxe bihurtzeko estrategien inguruan hausnartu eta ideiak proposatzeko eta apurka-apurka forma hartu duten zenbait proiekturen emaitzak aurkeztuko dituzte, gonbidatuak presentzialki zein digitalki izanik. Hurrengo egunean ikus-entzunezko iturri-kodea izango da Pedro Torrijosen eskutik. Ikus-entzunezko iturri-kodea formatu autobiografiko bat da, ikus-entzunezko hitzaldiaren eta komentatutako proiekzioaren arteko erdibidean planteatzen dena. Formatu eszeniko horretan, gonbidatutako pertsona ikus-entzunezko bere erreferentzietan murgiltzen da kontakizun bat partekatzeko gai bati edo ikerketa bati buruz.

Azkenik, azaroaren 20an, musika eta arkitektura uztartuko dituzte. Topaketa honetan abangoardiako arkitekturaren eta hiri-giro garaikidearen arteko harremanaren inguruan hausnartuko dute, gonbidatu hauekin: Nuria Moliner, Ibon Bilbao, Antonio Giraldez eta Pablo Ibañez. Jarraian, Ama Say taldearen kontzertua izango da.