Arkarazotarrak, zuena da garaipena

Arkarazotarrak, zuena da garaipena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arkarazotarrak-zuena-da-garaipena/@@download/image/91p48kaki1_1363204280.jpg
2008/12/05
erreportajea
Lander Garro
Kaki, Martxel eta Luken Arkarazo. Musikagintzan erreferentzia den familia bateko bi belaunaldi; kontzertuetako zurrunbiloan eta estudioko logistikan, fin aritzen dira beti. Andoaingo Garate estudioetara jo dugu arkarazotarrak hobe ezagutzeko.

Zaila da musika tresna bat bati soinu propioa ateratzea. Musikaren amaraunean dabiltzan milaka gitarra-jotzaileen artean, modu berezian jotzeagatik nabarmentzea. Kaki Arkarazorenak badu nortasun berezi hori: musikaren ozeano erraldoian bereizten den arrain mutatua da, espezie bakarra. Gehienok Negu Gorriak taldeari ematen zion ukituagatik ezagutzen dugu. Soinu potentea zuen, melodikoa, sinplea eta garratza, hautsia bezala, mindua. Kakiren gitarra entzute hutsarekin, jakin genezakeen kanta Negu Gorriak-ena zela, ia hasi orduko; Esan ozenki gogoratu besterik ez dago… Norenak dira abestiaren hasierako riff gogoangarri horiek, bereak ez badira?

Euskal Herrian, inoizko musika gertakari bortitzena izan zen Negu Gorriak. Nekez errepikatuko da horrelakorik. Hedabideen eraginetik eta industriaren kontrolpetik kanpo sortu, eta indarrez zabaldu zen: tsunami hutsa. 1990an karrikaratu zuten lehen diskoa, eta 10.000 ale saldu zituzten kontzertu bakar bat ere egin gabe. Lehen zuzenekoa egiteko plaza esanguratsua aukeratu zuten: Herrera de la Mancha kartzela, euskal preso politikoen aurka modu basatian jardundako kartzela ospetsua, Espainiaren zitalkeriaren ikono. 13.000 lagun inguru abiatu zen Euskal Herritik Andaluziara.

Ia bi hamarkada joan dira ordutik. 20 urteren bueltan, GAZTEZULOk Garate grabaketa estudioan aurkitu du Kaki, Andoainen. Bere proiektu kuttuna da Garate, ez da handik instat bat ere aldentzen. Berarekin batera, Martxel eta Luken semeak topatu ditugu. 16 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren. Biak ala biak musikariak dira. Topikoari men eginez, aitaren arrastoa jarraitu dutela esan genezake…

Garateko paradisu txikia

Garate, galzorian dauden gotorleku txiki horietako batean ezkutatzen da, Gipuzkoako mendietan. Autoz iristea ez da erraza, eta horrek, paradoxikoki, are erakargarriagoa egiten du tokia. Industria guneak, kamioiak eta kontu txarrak atzean utzita, soseguzko lubakian sartu eta galdu. Horixe da Garatek eskaintzen duena (besteak beste), eta horixe da musika taldeek eskatzen dutena (besteak beste). Kaki hitzaren zentzurik sakonenean da musikari. Lau traste zaharrekin, badaki zer behar den popa, rocka, funkya, folka, punka edo metala egiteko. Garate estudioa horrexegatik da erakargarri horrenbeste talderentzat.

Garatera bidean galduta, bi mutil gazte ikusi ditugu auto urdin baten barruan. Kakiren semeak behar dute, derrigor. Di-da norabidea aldatu, eta auto urdina jarraitzen saiatu gara, baina alferrik. Bazter hauetan hain ugariak diren baserri-bideetako batean, autoa galdu dugu. Atzera buelta, berriz ere. Beste bide bat hartu dugu ostera, eta, eskuinera jo ondoren, berritutako baserri eder bat atzeman dugu aran txiki baten erdian: Garate!

Barrura sartzean, dozena bat gazte aurkitu ditugu, eta auto urdineko biak ere hortxe daude: "zuek al zarete Martxel eta Luken?"; "Eta hi, kontrako norabidean zihoana, ezta?". Barre algara batzuk egin dituzte gure kontura. Gainerakoak El menton de Fogarty taldekoak dira. Diskoa grabatu ondorengo mozkorraldi betean daude, pozik. Musikaren miraria da: hasierako zirroborroak kanta bilakatzeko une magikoa. Estudioetan asko dakite horretaz, ekoizle on batek gauza harrigarriak egin baititzake, taldea bera zoratzeko modukoak. Eta halaxe daude El menton-eko kide pinpirinak, irribarrea aurpegian kabitzen ez zaiela.  

Kaki Arkarazo agurtzeko unea bitxia izan da. Hantxe dago, gure aurrean, Herrerako kontzertu hartan zuriz jantzita eta serio agertutako gitarra-jotzaile trebea. Grabaketa gelan dago, soinu mahaia osatzen duten milaka botoien aurrean. "El menton-ekoen play-blackerako kantak grabatzen ari naiz", ohartarazi digu. Dirudienez, bilbotarrak arrakasta izatekotan dira, eta telebistako agerraldietarako, kanta batzuk prestatu beharra dago. Luken eta Martxel mahai atzeko sofan eserita daude, gitarra eta baxua eskutan. Kakik hitz egiten duen bitartean, arpejioak eta bestelakoak egiten dituzte, natural. Elkarrizketak ez ditu kezkatu, bistan denez. Makina bat pertsonaia xelebre ikusitakoak dira hauek.

Kakik oso gaztetan alde egin zuen etxetik, Lazkaotik, Deustuan soziologia ikasteko. Bi urte beranduago, ikasteaz aspertu, eta Hondarribiara joan zen bizitzera. Gitarra eskolak hartzen hasi eta, bidenabar, grabaketa estudioekin harremanetan sartu zen.

"Ordura arte nire kasa ikasi nuen gitarra, eta oso musika esperimentala entzuten nuen. Nire jotzeko era oso kutsatuta zegoen. Gitarra eskolak hartzea polita izan zen: asko ikasi nuen", dio Kakik. Hau esanda, semeei begiratu die, baina paternalismo eta harrokeriarik gabe. Lukenek eta Martxelek ez dute sekula gitarra eskolarik hartu. Aitaren tankerakoak dira, beren kasa ikastekoak. Lukenek protesta egin du: "ni solfeon ibili nintzen! Baina gero utzi egin nuen". Azken esaldia ahopeka esan du. "16 urte dituzu oraindik, garaiz zabiltza", erantzun dio aitak, barrez.

Lukenek, hala ere, ikasten jarraitzen du. Batxilergoa egiten ari da eta, akaso, historia ikasiko du. "Ondo legoke etxekoren batek ikastea", esan du Kakik ironiaz, baina garraztasunik gabe. Martxelek aukera baliatu du Endika, 11 urteko anaia gaztea, aipatzeko: "Endika ikasten ari da; skatean ibili eta ikasi, ez du besterik egiten!". Denek egin dute barre. Sekulako figura omen da skatean. "Azken aldian hollya aldrebes (irristagailua airean jarri eta aurreko gurpilekin lur hartzea) egiten ikasi du: egunen batean ederra hartuko du", esan du Martxelek.

M-ak, hastapena

Kaki ikasle garaitan elkartu zen Xabier Montoiarekin, M-ak sortzeko. Montoia Hertzainak taldetik zetorren (Garik hartu zuen Montoiaren lekua).  M-ak taldeak oso disko onak grabatu zituen. Lehenengoa 1983an izan zen (M-ak, IZ diskoetxea). Berehala egin ziren ezagun, ilunak, esperimentalak eta teknikoki apartak izateaz gain, feeling berezia zutelako. Goi mailako musika egiten zuten.
M-ak taldearen hirugarren diskoaren ondoren, (Zuloa. IZ diskoetxea, 1987), Fermin eta Iñigo Muguruzak Kakirengana jo zuten, eta Kortatu-ren lekukoa hartuko zuen proiektua martxan jartzea erabaki zuten.

Kaki Kortatun sartu zen, eta Azken guda dantza (Nola!, 1988) grabatu zuen eurekin. Negu Gorriak izango zenaren hazia erein zuten sasoi hartan. "Kortaturen azken diskoa nik egin nuen, eta hortik aurrera, hitz eginda genuen taldea desegin, eta beste zerbaiterako elkartuko ginela. Usurbilen hasi ginen, gaur egun Lukenek eta entsegatzen duten lokalean. Iñigo eta biok han itxi ginen, eta kantak egiten hasi. Maketa bat grabatu genuen, eta lokalean bertan, Matxitxari erakutsi genion (80-90 hamarkadan eragin handia izandako managerraz ari da)".

Kakik ilea urdinduta du, eta handiusterik gabe hitz egiten du garai hartaz. Ez da, ordea, grabagailuaren aurrean kikildu edo tonu solemne eta faltsua hartzen dutenetakoa. Ez ditu hitzak "esango dutenaren" beldurraren galbahetik pasatzen. Ez du erasokor hitz egiten, hala ere. Hizketan ari den bitartean, play back-erako abestien kontua bukatzen ari da.

Halako batean, El menton-eko kide bat sartu da, kontua nola doan jakiteko. Kakik bizkarrekoa eman dio: "lasaiago ikusten haut!". Martxelek ez du baxua askatu, baina aitaren erronka gustatu zaio eta, sikiera, une batez gelditu ditu hatzak, ziria sartzeko: "bai, egun hauetan beste aurpegi bat izan dik honek!". Barre egin dute: bitxia da diskoa erditu ondorengo giroa, endorfina gaindosi modukoa.

Kakik Negu-ren garaiaz hitz egiten segitu du: "auto baten barruan sartuta, diskoa plazaratzeko ñabardurak eztabaidatu genituen Matxitxarekin, baldintzak gogor negoziatuz. Diskoa prest genuen, eta osorik eskaini genion diskoetxeari. Ordura arte ez zen sekula horrelakorik egin, baina gaur egun ohikoa da. Oihukakoek flipatu egin zuten. Promozioa, bideoklipa, eta beste hainbat kontu eskatu genituen, eta haiek eman. Nahikoa harroxkoak ginen, bagenekien asko salduko genuela. Nik diskoetxe propioarekin plazaratu nahi nuen lehen diskoa, gero Esan Ozenki izango zenarekin, baina ez ginen animatu. Horregatik atera genuen Oihukarekin".

Ordutik gaur artekoa zurrunbilo batean pasatu du Kakik, "geldiunerik gabe, guztia asumitzeko astirik gabe. Gerora ikusten duzu, gertatutakoa handia izan zela, oraindik jendea gerturatzen zait galderak eginez. Behin batean, Alemanian nengoela, Berlinen, tipo bat hurbildu zitzaidan eta esan zidan bera Neguren jarraitzailea zela, eta ea zein disko nuen gustukoago, Borreroak baditu milaka aurpegi edo Gure jarrera. Italian, Argentinan, Txilen… toki askotan gertatu zaizkit halakoak".

Martxelek Negu-ren azken urteak bizi izan zituen, eta kontzertu ugaritan izan zen. Denak ditu gogoan: "gogoratzen dut Iruñakoan Luken ere gurekin zela. Entsegu garaian oholtzan ibili zen, bazterrak nahasten. Gero, kontzertuan, lo gelditu zen". Lukenek lanbro artean gordetzen du pasarte hori, erabat sinetsiko ez balu bezala.

"Duela gutxi, Amparanoiarekin dabilen rouler batek esan zidan, duela 20 urte gure kontzertu batean izan zela, eta ordutik gure zalea dela. Bera suediarra da, baina oso gazte joan zen etxetik, eta Alemanian kasualitatez ikusi gintuen. Kontzertu hura gogoangarria izan zela esan zidan. Eta hara non, 20 urte geroago, elkarrekin topo egiten dugun Garaten, bera Amparanoiarekin rouler dabilelako… Zer diren gauzak!".

Kakik, gitarra-jotzaile, soinu-ingeniari eta ekoizle lanak modu paraleloan egin ditu urte hauetan. M-ak, Negu Gorriak edo Nacion Reixa taldeen kantuetan bezala, erraz antzeman daiteke bere ekarpena berak grabatutako diskoetan. Modu berezia du musika ikusteko, eta beti uzten du bere arrastoa. Azken urteotan, hala ere, maizago aritu da soinu mahaiaren atzean gitarra jotzen baino.

Hutsuneak min egiten ote dion galdetuta, modu pragmatikoan erantzuten du: "gitarra jotzea asko gustatzen zait, ahalko banu, gustura joango nintzateke talde batekin biran, baina ez dut denborarik". Garate irekita lasaixeago ibiliko zela uste zuen, baina oker zebilen: "aurreikuspenak hautsi ditu estudioak, jende ugarik nahi du hemen grabatu, eta ez dugu etenik".

Euskal Herriko taldeekin batera, atzerriko ugari hurbiltzen da paraje eder honetara, baina horrek ez du kikiltzen. "Han eta hemen gitarratxoren bat sartzen dut, Amparanoiarekin adibidez, eta kitto! Gustura nago, baina tarteren bat aurkituz gero, ekingo diot berriro gitarra-jotzaile abenturari".

Enbor bereko ezpalak

Martxelek eta Lukenek aitaren bidea segitu izana ez da harritzekoa, Kaki ez baita etxetik kanpoko musikaria, oholtzatik at musikaz ahazten denetakoa. "Etxea diskoz beteta dugu, biniloak, CDak, bideoak, DVDak… Gainerako haurrek Pirritx eta Porrotx-en bideoak ikusten zituztenean, hauek Neguren bideoak ikusten zituzten, eta gaur egun ere hala segitzen dute, The Who edo Johnny Cash-en bideoak ikusten", esan du Kakik.

Lehen esan dugunez, Lukenek Negu-ren lokala izandakoan entsegatzen du, Odolaren mintzoa taldean. Martxelek ere badu bere taldea: Can´t explain.
Biak harro daude aitaren herentziarekin, baina badakite altxor txiki hori, zentzu batean, aho biko labana dela: "lagunen artean ezin dut musikaz hitz egin, martziano baten moduan sentitzen naiz", esan du Martxelek. "Jendeak bakailaoa eta horrelako lotsagarrikeriak entzuten ditu", ohartarazi du Lukenek. Lagunekin konpartitu nahi lukete musika, baina ezin. High Fidelity (Stephen Frears, 2000) filmeko protagonistak bezala egin beharko dute, agian: musika bildumak grabatu eta jendartean zabaldu, ea horrela inor konbentzitzea lortzen duten. Bestela, botika paregabea dute bakardadeari aurre egiteko, han, Andoaingo paradisu txiki hartan….