Aritz Mutiozabal: Gorrekin dantzan

Aritz Mutiozabal: Gorrekin dantzan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aritz-mutiozabal-gorrekin-dantzan/@@download/image/aritz_mutiozaba_1385648527.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
'Urola Kostako Hitza' zabaldu eta beti aurkituko duzu Aritz Mutiozabalek (Zarautz, 1980) sinatutako erreportaje edo berriren bat. Beraz, atentzioa eman zidan haren izena poema liburu bati lotuta ikusteak, ez dut oroitzen zehazki non, agian 'Urola Kostako Hitza'-ren orri artean.

Gorren dantzalekua da Maiatz argitaletxeak argitaratu berri dion poema bilduma. Aurretik bi poema liburu argitaratu zizkion Bermingham argitaletxeak, Pasaia Hiria Poesia Lehiaketan sarituak izan baitziren. Gazteagotan zuen idazteko pasioa gutxitzen joan zitzaion, eta musikari gogor ekin zion orduan. Orain, berriz dator letren mundura, beharrak bultzatuta.

"Alejandro González Iñárritu zinegile mexikarraren Babel (2006) filmeko pasarte bat etorri zitzaidan berehala gogora. Nerabe japoniar bat ikusten da dantzaleku handi baten erdian, eta bere ingurukoak musikaren erritmora mugitzen diren bitartean, bera geldirik dago isiltasuna baino ez duelako entzuten. Jokoz kanpo dago, galduta eta bakarrik, nahiz eta jendez inguratuta egon. Kontzeptu hori abiapuntu gisa hartu nuen nire buruarekin dudan borroka eta, oro har, guztiok dugun barne-eztabaida etengabea islatzeko. Entzumen arazorik izan gabe ere, maiz pertsona gor bat sentitzen garelako".

Hitz hauek dira, beste askoren artean, Mutiozabalek poema liburuaren abiapuntu izan den sentsazioa deskribatzeko, azaltzeko erabiltzen dituenak; Hitzen Uberan atarian egin elkarrizketatik hartuak dira. Gorren dantzalekua bilduman hainbat gai lantzen ditu izenbururik gabeko poemetan: iragana, biziaren eta heriotzaren arteko muga, edota maitasuna, beste batzuen artean.

Bibliografia


•    Ispiluaren aurrean gogoetak (Bermingham, 2001)
•    Lo hartu aurreko buruhausteak saihesteko pilulen ondorioak (Bermingham, 2006)
•    Gorren dantzalekua (Maiatz, 2013)