Aritz Aranburu: “Egiten duguna egiten dugula, emaitza beti izaten da Split”

Aritz Aranburu: “Egiten duguna egiten dugula, emaitza beti izaten da Split” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aritz-aranburu-egiten-duguna-egiten-dugula-emaitza-beti-izaten-da-split/@@download/image/20111212213split77-02.jpg
2012/12/13
berria
Azaroaren 26an aurkeztu zuten Split77 bilbotarrek beren estudioko hirugarren lan homonimoa: 'Split77'. Sei urteko isiluneari amaiera eman diote, hortaz, eta indarberriturik itzuli dira Euskal Herriko musika panoramari bere ekarpena egitera: elektronika eta esperimentazioa pop-rockarekin uztarturik. Aritz Aranburu abeslariarekin hitz egin dugu taldeak bizi duen aro berriaz.   

Zertan ibili zarete disko eta disko arteko sei urte hauetan?
Ba, hiru urtez bateria jole berriaren bila ibili gara, eta aurkitu dugun arte kantuak egiten aritu gara. Horregatik, badira disko berrian abesti batzuk guztiz elektronikoak; garai hartakoak. Lau pertsona ezberdinekin egin dugu proba, orain dela bi urte pasatxo Deibol –David Rodrigez– agertu zen arte. Berarekin ere abestiak konposatzen jarraitu dugu, eta diskoa prestatzen.

Bateria joleen merkatua krisian dago, ala?
Ez, ez da hori. Gure lehengo bateria jolea betiko laguna zen, baina banku batekin ezkondu zen –barrez–… Ardurak iritsi zitzaizkion eta, egia esateko, ikusi dugu adin hauekin jendea ez dela musika talde batean sartzen eta ez duela honetan denbora gehiegi galtzen ez bada zer edo zer oso berezia.   


Elektronika eta programazioak omen dira nagusi lan berrian. Zein da emaitza?
Beno, emaitza beti izaten da Split. Hori da disko berriari taldearen izen bera jarri izanaren arrazoia. Berdin dio zein baliabide erabiltzen dugun, emaitza Split izaten da. Gainera, ez dizkiegu gauzei buelta gehiegi ematen. Jendeak uste du gure musika konplexua dela, barroko gisakoa, elementu askorekin. Baina gu, besterik gabe, lokalean sartu eta eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzen saiatzen gara. Beraz, elektronika hutsean nahiz rock tradizionalean mugitzen garenean, Split dago atzean. Oso onartua eta barneratua dugu hori.


Aurreikuspenak bete omen dituzuelako ere jarri diozue taldearen izen bera disko berriari.
Bai, batez ere gure buruarekin zintzoak eta fidelak izan garelako. Egindako bidea eta gero… ez gara orain hasiko gure gustukoak ez diren musika eta letrak egiten!


Zer moduzko harrera du zuen estiloak Euskal Herrian? Agian ez da hemen gehien kontsumitzen dena, ezta?
Arrazoia duzu, baina premisa hori gainditu egin beharko genukeela iruditzen zait. Euskal Herrian aukera gehiago eduki beharko genuke mota guztietako estiloak lantzeko. Batzuek esaten digute: "Zuek kanpoko musika egiten duzue". Ze kanpoko eta ze ostia?! –barrez–. Euskal Herriak eta euskal kulturak aurrera jo nahi badu, joera berriak onartzeko prest egon beharko du. Gainera gu euskaldunak gara, musika euskalduna egiten dugu!


Orokorrean, ze publiko mota sumatzen duzue zuzenekoetan?
Gehienbat gure adineko jendea hurbiltzen da, eta egia esan, ez dira asko 30 urterekin kontzertuetan ibiltzen direnak –barrez–. Gure belaunaldiko beste batzuekin alderatuta, gurea kultuzko taldea da, baina zentzu txarrean! –barrez–. Etenaldia baino lehenagoko azken kontzertuetan oso jende gutxi sumatzen genuen, baina orain oso pozik gaude askoz ikusle gehiago mugitzen ditugulako. Gure belaunaldiko musika bizirik dago oraindik, eta hori kristoren oparia da.


Zer moduz datoz talde berriak?
Indartsu datoz, baina oso garrantzitsua iruditzen zait nork bere musikarekiko erantzukizun osoa hartzea. Egia da hainbat urte eman ditugula zirkulaziotik kanpo, gaztetxeetatik eta lokaletatik nolabait aldenduta eta, zentzu horretan, panoramaren gaineko perspektiba apur bat galdu dugula. Baina oso gauza interesgarriak ikusi ditugu hala ere. Eta irratian entzuten ditudan gauzak ere oso onak dira. Ez dago beste aukerarik, euskal musikak aurrerantz jo behar du eta, gainera, eliminazio prozesu bat egon beharko da bide horretan; hautespen natural antzeko bat.
 

Lehen zenionaren haritik, belaunaldi berri hauek ausartzen al dira esparru berriak jorratzera? Ala agian oraindik oso lerrokatuta jarraitzen dute…
Bai, bai, badatoz gauza berriak. Gainera itxaropen osoa jarria daukat talde hauengan, gurearengan bezainbeste. Talde guztiek eduki behar dute aukera, nolabait, beren hizkuntza musikala berritzeko eta eraldatzeko; hori da gure filosofia. Hemendik bizpahiru urtera disko bat grabatuko bagenu eta aurrekoarekin antzekotasuna duela sumatuko bagenu… seinale txarra. Musika bilakaera konstantea da.


Orain gutxi 'Munstroak' bideoa aurkeztu duzue. Zer moduzkoak izaten dira tankera honetako esperientziak? Grabazioa eta abar…
Dirurik ez dagoenean, oso dibertigarria. Lagunei deitu eta Bilbo erdian sekulako zalaparta sortu, horixe egin genuen. Horrelakoetan ardura ia bakarra lagun giroan ondo pasatzea da. Diskoa ordaindu egin behar da, estudio ere bai… baina honetarako ez daukagunez aurrekonturik, ba ondo pasatzera!

 
Zer aurreikuspen hasi berri den 2011rako?
Kontzertuak ematen jarraituko dugu, noski, eta bestela ere, kantu berriak egiten gabiltza. Asmoa da udarako zer edo zer egitea: single antzeko zerbait. Agian, disko berriko kanturen bat aurkeztu material berriarekin batera. Beste aukera bat da beste talde batekin antzeko zerbait egitea. Hortxe gabiltza, historia honi bueltak ematen.