Arima: “Bereziki tristurarekin konektatzen dut, hori delako daukadan emoziorik ahaltsuena eta nuklearrena”.

Arima: “Bereziki tristurarekin konektatzen dut, hori delako daukadan emoziorik ahaltsuena eta nuklearrena”. Iluntasunaren argitan sortu du oraingoan ere Arima taldeak "Beldurrez beste egitean" deitutako lan berria. Doluari zuzendutako eskutitz honetan, tristurak bere alde ederrak ere badituela erakutsiko digu, sekula baino aniztasun gehiago eskainiz. Izan ere, Paule Bilbao (ahotsa eta gitarra), Gontzal Bilbao (bateria) eta Josu Gonzalezi (baxua) oraingoan Josu Palacios gehitu zaie, gitarra bat gehiagorekin, taldearen soinua aberastuz eta sakonduz. Honetaz eta beste hainbat kontuz mintzatu gara Paule Bilbaorekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arima-201cbereziki-tristurarekin-konektatzen-dut-hori-delako-daukadan-emoziorik-ahaltsuena-eta-nuklearrena201d/@@download/image/ab0ebc64-9d5f-468d-8a0a-a649893a207d.png
2023/04/18
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Iluntasunaren argitan sortu du oraingoan ere Arima taldeak "Beldurrez beste egitean" deitutako lan berria. Doluari zuzendutako eskutitz honetan, tristurak bere alde ederrak ere badituela erakutsiko digu, sekula baino aniztasun gehiago eskainiz. Izan ere, Paule Bilbao (ahotsa eta gitarra), Gontzal Bilbao (bateria) eta Josu Gonzalezi (baxua) oraingoan Josu Palacios gehitu zaie, gitarra bat gehiagorekin, taldearen soinua aberastuz eta sakonduz. Honetaz eta beste hainbat kontuz mintzatu gara Paule Bilbaorekin.
Arima: “Bereziki tristurarekin konektatzen dut, hori delako daukadan emoziorik ahaltsuena eta nuklearrena”.

Hau da kaleratzen duzuen hirugarren EPa. Zer berritasun dakartza?
Orain arte egin dugun diskorik autentikoena da. Abesti bakoitzak behar zuena esploratzen saiatu gara eta ideia ahalik eta modu zuzenenean transmititzen. Letretan zein konposizioan nabaritzen da hori. Abestien egiturari zein soinuari dagokionez ere, minimalistagoa da, muinera doa, apaindurarik gabe. 

Zergatik EPak eta ez lan luzea?
Orain arte erabili dugun formatu bakarra izan da bai. Izan ere, EPak aukera ematen digu istorioak modu motzean kontatzeko, modu zuzenean. Obra koherente eta kontzeptual bat sortzeko aukera eskaintzen digu. Lan luzeagoetan hori lortzea askoz konplexuagoa da. Lan kontzeptualak asko gustatzen zaizkit, hainbat esparru barne hartzen dituenak, horregatik EP oso formatu aproposa iruditzen zait. 

Kide berri bat gehitu da taldera, horrek aukera berriak ireki dizkizuete?
Bai, noski. Diskoa konposatzen hasterakoan, gitarren sonoritatean zerbait ezberdina esploratzea pentsatua geneukan eta hori diskoan islatzen siatu naiz. Testura gehiago antzeman litezke eta hori zuzenekoetan islatzeko aproposena taldera beste gitarrista bat gehitzea zen. Josu gure kontzertuetara asko joaten zelako ezagutu genuen eta taldearen parte izatea proposatu genion. Hasieratik oso ondo konektatu genuen, gainera gitarrista ona izateaz gain pertsona jatorra da. Oso pozik gaude guztion proiektu hau modu honetan aberasteko aukera izan dugulako. 

Hiru EPetako lanak behatuz, argitsuena dela azken lana esan liteke. Zuen lanik baikorrena da?
Bitxia da, galdera hau jada elkarrizketa dezentetan egin didate —barreak—. Nik ez dut horrela hautematen, ez zen behintzat nire hastapenetako ideia hori transmititzea. Baina letrak hain metaforiko edo poetikoak direnez, —horretan saiatzen naiz behintzat—, aukera ematen dio entzuleari bere interpretazio propioa egiteko. Egia da azken kantua nahiko itxaropentsua dela, baina oro har, etapa bati gaur esateko gutun moduko bat da diskoa, dolu bat ordezkatzen du. Ez nuke esango, beraz, baikorrena dela, baina bai dituela kutsu ezberdinak. 

Hala ere, argi dago doinu ilunak maite dituzuela, zer dela eta? 
Bai —barreak—. Iluntasunaren zale amorratua naiz, pixka bat masokista. Niretzat musika tresna terapeutiko indartsua da eta nire erraietan momentuan dagoena islatzen du iluntasun horrek. Bereziki tristurarekin konektatzen dut, hori delako daukadan emoziorik ahaltsuena eta nuklearrena. Nire helburua hori transmititzea eta eta musikarekin nahiko erraz lortzen dut. 

Nola definituko zenukete zuen estiloa? 
Shoegaze barnean sartu gaituzte eta egia da maite dudan estilo bat dela, azkenaldian asko entzun dudana. 90. hamarkadako musika asko entzun dut, grunge-a bereziki, shoegazea, post-rocka… hardcorea ere asko gustatzen zait, screamo-a… Arima horren guztiaren nahasketa da, nire erreferenteen nahasketa, baina estilo bakar bat aipatu beharko banu shoegaze-a izango litzateke.

Karlos Osinaga “Txap”-ekin grabatu duzue, zer moduzko esperientzia izan da?
Txap jada Arimaren beste kide bat gehiago dela esan genezake. Hiru disko hauetan oso presente egon da, guztia berarekin grabatu dugulako. Estudiora guztia nahiko itxita eramaten baditugu ere, bertan azkeneko pintzeladak ematen dizkiegu abestiei eta momentuko magia gertatzen da, kantuei kutsu ezberdinak emateko une aproposena baita. Estudioa aurretik pentsatuta genuen irudikapen subjektibo hori hezurmamitzeko momentua da eta beraz, oso polita izaten da abestiak eta konposizio osoa batera entzun ahal izatea. Grabaketa oso prozesu polita da eta Txapekin egin ahal izatea izugarria.  

Nolakoa izan da diskoaren sorkuntza prozesua?
Aurrekoen antzekoa izan da. Abestiak udan zehar konposatu nituen gitarra eta loop-errarekin. Azken tresna honekin gitarra geruza ezberdina sortzen ditut eta konposizioa asko errazten du. Ondoren ahotsa eta letrak gehitzen ditut. Behin abestia nahiko egituratua daukadanean lokalera eramaten dut eta taldean oraindik eta gehiago osatzen dugu kantua. Azkenik, estudiora Josu Palacios gitarrista etorri zen guztia entzutera, orduan galdegin baikenion proiektuan parte hartu nahi ote zuen eta hirurok grabatu genuen. 

Euskaraz egiten duzue, oraingoz behintzat, baina planteatu duzue beste hizkuntzaren batean ere sortzea? 
Bai, momentuz euskaraz eta nik uste hori mantenduko dela. Euskal Herrikoak garenez oso garrantzitsua da bertakoa mantentzea eta kutsu identitario, zein kulturala du. Gainera  niri asko gustatzen zait estilo honetan euskaraz egitea, ez daudelako horrenbeste talde horrelako musika euskaraz egiten duena. Nahiz eta orain bertsio bat gaztelaniaz sartu dugun, salbuespena izango da. 

Irudia ere zaintzen duzue. Zer dela eta? Uste duzue egun musikak berak bezain besteko garrantzia duela?
Bai. Aurreko diskoan argazkilaritza erabili genuen azalerako, oraingoa ilustrazioa. Diziplina ezberdinek Arimari beste perspektiba bat ematen diote, proiektua asko irekitzen dute. Arima kontzeptu zabal baten moduan ulertzen dut eta gustatzen zait gainerako diziplina artistikoak bateratzeko. Proiektuei aberastasun honek kutsu berezia ematen die. 

Kide bat gehiagorekin, zuen kontzertuak nola planteatu dituzue? Zer ikusi eta entzun ahal izango du Arimaren kontzertu batera doanak?
Josu Palacios taldean sartuta beste dimentsio bat lortu dute gure zuzenekoek; askatasun handiagoa dut kontzertuetan abesteko, gitarra jotzeko… lehen loop-errarekin nahiko nahastuta ibiltzen nintzen eta ez neukan betarik gozatzeko ere. Josuk izugarri osatzen ditu nire gitarrak eta gozatzeko tarte gehiago uzten dit eta hori ikusleak nabarituko du. Zuzeneko ahaltsuagoak dira orain eta nahiko intentsuak. 

Zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke disko honekin? 
Helburu nagusia diskoa zabaldu eta ezagutaraztea da, eta noski, ahalik eta kontzertu gehien ematea Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere.