Ariane Irazusta: "Euskal apaiz alternatibo modernoa naiz!"

Ariane Irazusta: "Euskal apaiz alternatibo modernoa naiz!" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
elkarrizketa
Ariane Irazusta: "Euskal apaiz alternatibo modernoa naiz!"
MU Telebistako aurkezlea izan zen, eta orain ‘Hiri Gorrian’ irratsaioko tertulia biralean entzuten dugu Ariane Irazustaren (Donostia, 1990) ahots leuna. Ikus-Entzunezko Komunikazioan murgilduta, ipurterre ekintzailea da Irazusta.


MU Telebistan ikusi zintugun aurrenekoz kontu kontari. Nolako esperientzia izan zen?
Benetako online telebista bat aurrera eramaten, aurkezten eta editatzen irakatsi zidaten. Hor hasi zen nire komunikatzaile ibilbidea.

Orain Euskadi Irratiko uhinetan entzuten zaitugu.
Bai, eman didaten Oscar saria defendatzen: tertulia-kiderik zorrotzena, mihian bilorik gabe hitz egiten duena. Oso pozik nago.

Hamaika lan uztartu dituzu aldi berean, goizez, arratsaldez, asteburuetan… Gainera, komunikazio lanetan, baina alor ezberdinetan. Zergatik?
Ateak aldi berean zabaldu zitzaizkidan, eta ezezkorik ezin nuela esan konbentzituta, osasuna jarri nuen jokoan. Une berean, lau arlotan komunikazio lanetan ibili nintzen: kulturan, osasunean, kirolean eta hezkuntzan.

Gazte batek ezetz esan dakioke lan bati?
Lan baldintzak ez badira onargarriak, ezin baietz esan.

Graduatu berri batek, nola egin dezake bidea ikus-entzunezkoetan?
Bada garaia baten batek esateko ez duzula zertan kanpora joan behar. Han edo hemen, egunero "erein gero jasotzeko".

Lan aukerak badira edo sortu behar dira?
Sortzearen aldekoa naiz. Horretarako hona nire gomendioa: Enpresa batera joan, ezer eskatu gabe lagundu eta ezinbesteko bihurtu.

Zuk zure lekua topatu duzu behintzat!

Bai, zorionez. Gipuzkoa Eventos-en eta Hazi eta Hezi-n nago lanean. Ekitaldiak eta ezkontzak alde batetik, eta adimen emozionala bestetik.

Zer da jendea ezkontzearen kontu hori?

Zeremonia maisu/maistrak gara. Ezkontza zibilak geroz eta ugariagoak dira, eta zeremonia pertsonalizatuak eskaintzen ditugu, beraientzat sortutakoak. Euskal apaiz alternatibo modernoa naiz!