ArgIHIzkiak lehiaketan parte hartzeko epea zabalik izango da maiatzean

ArgIHIzkiak lehiaketan parte hartzeko epea zabalik izango da maiatzean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argihizkiak-lehiaketan-parte-hartzeko-epea-zabalik-izango-da-maiatzean/@@download/image/20124246689ArgiHizkiak_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa berria da ArgIHIzkiak, eta Getxoko Udalaren laguntzaz antolatu dute. Jendeak euskaraz irakur eta idatz dezan, eta era berean, Getxoko argazkilarien lana zabaldu dadin martxan jarritako ekimena da, eta lanak bidaltzeko epea maiatzaren 1etik 31ra bitartekoa da.

Egizu Getxo euskaldun elkarteak, UK aldizkariak, Getxophoto ekimenak eta Getxoko Udalak elkarlanean antolatutako lehiaketa da. Dagoeneko aukeratu dituzte hamabost argazkilariren lanak, eta parte hartzaileek, irudi horietakoren batean oinarritutako testu laburra idatzi beharko dute.

ArgIHIzkiak hamasei urtetik gorakoei zuzentzen zaie, eta bi kategoriatan banatzen da: SMS bidezkoa, eta posta elektroniko bidezkoa. Lanak euskarazkoak izan behar dute, baina euskara batuan zein edozein euskalkitan idatzirik egon daitezke. Gainera, bertsoak, prosa, olerkia… edozein motako testu mota izan daiteke.

Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bi testu idatzi ahal izango ditu (argazki beraren edo ezberdinaren inguruan izan daitezke, eta kategoria batean zein bestean); eta hemen izen-emate fitxa bete beharko du; zein testu aukeratu duen esatea ezinbestekoa da. Ondoren, testuak posta elektronikoz argi.hizkiak@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte, edota SMS bidezkoak 619 935 541 zenbakira.

Irabazleak


Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak lehen galbahea pasako du, eta ondoren, Laura Mintegi, Irati Elorrieta, Unai Elorriaga eta Iñaki Freira idazle getxostarrek osatutako epaimahaiak jakinaraziko du nor den irabazlea, irailaren 10ean.

Kategoria bakoitzeko irabazleak 150 euro jasoko ditu, eta argazki bakoitzeko testu irabazle bat ere izango da. Horien lanak datorren urrian Torrene aretoan izango dira ikusgai.