Argentinar emakume argazkilarien erakusketa Donostian

Argentinar emakume argazkilarien erakusketa Donostian Argentinako bi belaunalditako emakume argazkilarien 120 argazkiz dago osatua Tabakalerako erakusketa. Harekin batera, on-line mintegiak eta filmak ere eskainiko dituzte irailean eta urrian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argentinar-emakume-argazkilarien-erakusketa-donostian/@@download/image/argentinar albisteako.png
2021/06/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argentinako bi belaunalditako emakume argazkilarien 120 argazkiz dago osatua Tabakalerako erakusketa. Harekin batera, on-line mintegiak eta filmak ere eskainiko dituzte irailean eta urrian.
Argentinar emakume argazkilarien erakusketa Donostian

Tabakalerako Irudi sekuentziatuak. Argentinar emakume argazkilariak 1930-1990 erakusketak herrialde horretako argazkilaritzan zeharreko ibilbide bat proposatzen du, profesional entzutetsuen eskutik. Haietako zenbait aitzindariak izan ziren; beste batzuek, berriz, jardun guztiz independentea egin zuten. Guztiek egin dute Argentinako eta nazioarteko argazkilaritzaren historian garrantzitsua izan den lana. 

Bost gune tematikotan dago antolatua erakusketa, eta bi belaunalditako argentinar emakume argazkilarien argazkiak biltzen ditu. Ni posiblea gunean emakumeek erretratuaren eta autorretratuaren bitartez irudikatzen dute beren burua, eta beren identitateari buruz gogoeta egiteko erabiltzen dute argazkilaritza. Flâneuses izeneko gunean, berriz, 60ko hamarkadan ikerketa bidaietan egindako irudiak daude, aldaketa sozialen eta giza eskubideen zein feminismoaren aldeko borroken lekuko diren argazkiak. 

Beste biluzi batzuk atalean gorputzari buruzko interpretazio berrien ekarpena ikusiko dugu. 30eko hamarraldiaz geroztik, ikerketa teknikoak eta kontzeptuzkoak nabarmentzen ziren biluziaren generoan, zeina galarazia izan zen ordu arte emakumeentzat. Bestetik, Ziratekeen sekuentziak… izenekoan hainbat argazkilarik, ikertzeko zuten interesak bultzatuta, bizitzaren bi une funtsezkotan, haurtzaroan eta nerabezaroan, jarritako arretaren lekuko izango gara. Azkenik, dokumentazio lana ere izango da ikusgai bosgarren gunean, diktadura militarraren garaian kulturak bilatutako erresistentzia guneak irudietan islatuta. Teatro Abierto da horietako bat, Julie Weszek dokumentatua. 

Erakusketan hainbat argazkilariren lanak daude ikusgai: Grete Stern, Annemarie Heinrich, Lisl Steiner, Ilse Fusková, Alicia D’Amico, Alicia Sanguinetti, Julie Weisz eta Adriana Lestido. Erakusketaren inguruko gida sarean kontsulta daiteke. 

Tabakalerako bi solairutan dago kokatuta erakusketa eta 120 argazki biltzen ditu. Igandetan doako bisita gidatuak egiten dituzte, euskarazkoak 17:30ean. Plaza mugatuak direnez, nahitaezkoa da aurrez izena ematea. Urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa. 

Argazki erakusketaz gain, on-line mintegiak antolatu dituzte irail eta urrirako. Hainbat solasaldi eta hitzaldi izango dira eta guztietan parte hartu ahal izango da ZOOM bidez eta Tabakaleraren YouTubeko kanalaren bidez. Pare bat film ere eskainiko dituzte urrian eta sarrerak Tabakalerako ohiko guneetan daude salgai.